Martxoaren 8a "ospakizunerako baino, borrokarako eguna" dela aldarrikatu dute Orion

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 8a, 19:56

Dozenaka herritarrek egin dute bat mugimendu feministak Emakumeen Nazioarteko Egun honetarako deitutako manifestazioarekin. 19:00etan abiatu da protesta plazatik, eta amaieran, bost puntuko testua irakurri dute herritarren aurrean. Bidean kolore moreko bengalak piztu dituzte, Bikamiotan eta Lourdes del Hoyo erail zuten banku morearen parean.

Beste urte batez, oriotar askok egin du bat Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira herrian antolatu duten manifestazioarekin. 19:00etan abiatu da protesta plazatik Gure bizitzekin negoziorik ez leloa zeraman pankartaren atzetik, eta oihuez gain, herriko trikitilarien doinu hotsek girotu dute ibilbidea. Ohiko buelta egin duten arren –plazatik Bikamiotara arte eta berriro plazara–, bidean kolore moreko bengalak bota dituzte lurrera, aurrena Bikamiotan, eta gero, joan den maiatzean Lourdes del Hoyo erail zuten banku morearen parean. Kaputxak zeramatzaten bi neska gazte egon dira manifestazioa iritsi zain han, bien artean borroka feministaren ikurra altxatuta.

Behin plazara iritsita, mugimendu feministako kideek bost puntuko testua irakurri dute. "Martxoaren 8a ospakizunerako baino gehiago borrokarako eguna da. Gure lan-indarra esplotatzen duen sistema heteropatriakal kapitalistari aurre egin behar diogu" esanez hasi dute irakurketa.

Bost puntuei dagokienez, aurrena, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko mezua eman dute. "Egungo zaintza sistema esplotazioan oinarritzen da, eta emakume migratzaileek jasaten dute zaintza lanen pisua. Horietako askok etxeko langile egoiliar gisa 24 orduz asteko zazpi egunetan lanean dihardute, eta hori onartezina da", azpimarrat dute. "Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zaintza itunarekin ahoa hitz politez bete dute agintariek, eta saiatzen ari dira gure diskurtsoaz jabetzen. Baina guk argi diogu itun horrek ez digula ezertarako balio ez bada publifikazioaz hitz egiten, ez baldin bada pribatizazioaren aurka hitz egiten edo ez baldin bada atzerritartasun legea deuseztatzeaz hitz egiten".

Bigarren, lan baldintza eta pentsio duinak borrokatzeaz mintzatu dira. "Emakumeen bizitzetako oinarrizko behar oro logika merkantilistetan dago: zaintza, elikadura, etxebizitza, osasuna, eta abar. Soldata arrakala eta pentsio apalak icebergaren punta baino ez dira, sexuaren araberako lan banaketa betikotzen duen sistema batean. Lan feminizatuetan harrapatuta gaude, baldintza prekarioetan, eta aitortu gabeko zaintza lanak egiten ditugu", esan dute.

Indarkeria matxisten kontrako mezua ere eman dute hirugarren puntuan. "Aldaketa kultural zein instituzional sakonak beharrezkoak dira, emakumeok pairatzen ditugun askotariko indarkeriei aurre egiteko. Egunerokoan jasaten ditugu indarkeria fisikoa, ekonomikoa, sinbolikoa, instituzionala... Gaur, oroitu nahi ditugu indarkeria matxisten ondorioak jasan dituzten emakume eta neskatoak; eraildakoak, bortxatutakoak, jazarritakoak eta etxetik kanporatutakoak. Emakumeen aurkako indarkeria sistemikoak genero eta botere desberdintasunak betikotzen ditu egitura sozial, politiko eta ekonomikoen bidez".

Atzerritartasun Legea deuseztatzea exijitzeaz aritu dira irakurketako laugarren puntuan, Europara migratutako emakumeak "erabateko zaurgarritasun egoeran" uzten dituelako Atzerritartasun Legeak, "indarkeria ugariren aurrean".

Azkenik, Palestina izan dute gogoan. "Palestinako genozidioa salatu nahi dugu. Palestina eta batik bat emakume palestinarrak ere gogoan izan nahi ditugu eta jasaten ari diren sarraskia salatu nahi dugu. Badakigu emakumeen gorputzak direla lehen konkista-lurraldeak; beraz, Euskal Herritik elkartasun eta maitasun osoa palestinar herriari eta, gaurko egunean, bereziki emakume palestinarrei", esan dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!