Hitanoaren inguruan gogoeta egiteko hitzaldia emango du Iñaki Iturainek

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2024ko mar. 11a, 09:47
Iñaki Iturain 'Biba zuek' telebista saioan. (EITB)

Hainbat gai jorratuko ditu osteguneko hitzaldian: garai batean erabiltzen zen berorikako erregistroa; toka eta nokaren erabilera eta horien etorkizuna, besteak beste. Ordubeteko saioa eskainiko du eta sarrera librea izango da.

Hitanoaren inguruko zenbait gogoeta izenburupean arituko da Iñaki Iturain datorren ostegunean, martxoak 14, arratsaldeko 18:30ean, Donostiako Bagera Elkartean (Hernani kalea 15, behea), udaletxetik 150 metrora dagoen aretoan.

Horren aspaldi ez dela, 1960ko urteetara arte, aiton-amonei, apaizari, medikuari, alkateari eta abar berorika hitz egiten zitzaien. Zer da berorika hitz egitea? Nola egiten zuten? Orion gaur egun zuka eta hika hitz egiten du jende askok, toka eta noka, bai gizonezkoei bai emakumezkoei. Baina ondo egiten al da? Osasuntsu al dago hizkera mota hori? Etorkizunik ba al du? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuten saiatuko da Iñaki ordubete inguruko hitzaldian.
 
Sarrera librea da eta gonbidatuta daude gaiarekin interesa duten guztiak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!