Sektore publikoko langileek hirugarren lanuztea egingo dute bihar

Intza Trula 2024ko mar. 11a, 16:06
Orioko udal langileek bat egingo dute sindikatuek sektore publikoan deitutako greba deialdiarekin. (Orioko Udala)

Iaz bi greba egun egin zituzten sektore publikoko langileek. ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek babestu dute biharkoa. Orioko udal langileek bat egin dute deialdiarekin, eta ondorioz, udal-zerbitzuak itxita egongo dira bihar: udaletxea, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, kultur etxea, liburutegia eta turismo-bulegoa. Kanpinean, aldiz, gutxieneko zerbitzuak izango dira.

Langile publikoen egoera "okerrera" doala ikusita, greba egingo dute bihar Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko langileek. Hirugarren lanuztea izango da biharkoa; urriaren 25ean egin zuten lehena, eta abenduaren 19an, berriz, bigarrena. Hala, ordezkaritzaren %80 baino gehiago diren ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek deituta egingo dute biharko greba. Oraingoan, ordea, Satse erizainen sindikatuak ez du babestu deialdia.

Sindikatuek azaldu dutenez, sektore publikoko langileen egoera "benetan" aldatzeko helburuarekin hartu dute mobilizazioekin jarraitzeko erabakia: "Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du (%44) eta erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan da bi urteotan". Honakoa gehitu dute: "EAEko sektore publikoko bigarren greba egunetik bi hilabete igaro dira, eta erakundeek eta ordezkari politikoek elkarrizketarako eta akordiorako borondatea adierazi duten arren, sektore publikoko egoera ez da hobetu, kontrara, langile publikoen lan baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute".

Biharko lanuztearen aldarrikapenen artean daude soldatak %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8an kokatzea.

Ondorioz, bihar, ohiko zerbitzuak baino murritzagoak aurreikusten dira hezkuntza publikoan, osasun etxeetan, udal zerbitzuetan nahiz garraioan. Orioko udal langileek bat egin dute deialdiarekin, eta beraz, itxita egongo dira honako zerbitzuak: udaletxea, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, kultur etxea, liburutegia eta turismo bulegoa. Kanpinean gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!