Oriotar batek eraso homofobo bat jasan du asteburuan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 13a, 11:18
2022ko sanpelaioetan izandako eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea. (Zarauzko Hitza)

Ertzaintzak baieztatu duenez, larunbatetik iganderako goizaldean gertatu zen erasoa Zarauzko taberna batean, eta ikerketa zabaldu du. Biktimak, bere aldetik, azaldu du taberna bateko eskaileretatik behera bota zuela erasotzaileak.

Gizon oriotar batek salatu du larunbatetik iganderako gauean eraso homofoboa pairatu zuela Zarautzen. Biktimak anonimotasunetik azaldu zion atzo Zarauzko Hitzari Zonako taberna batean eraso zuela beste gizon batek. Zehaztu duenez, lepotik heldu eta eskaileretatik behera bultza zuen, eta, ondoren, alde egin zuen. Ertzaintzak salaketa baieztatu du eta jakinarazi du ikerketa zabaldu duela. Zehaztu duenez, goizaleko 04:30 eta 05:00 artean gertatu zen erasoa.

Biktimak azaldu du, halaber, aurrez ere jazarri zuela erasotzaileak "homosexuala izateagatik" eta uste du berea ez dela kasu isolatua izan. Harekin hitz egin edo aurretik inolako traturik izan gabe, elkar ikusi duten bakoitzean jarrera txarra izan duela dio biktimak. Zentzu horretan, adierazi du bilatu egin duela, bultza egin diola, eta jarrera mehatxatzailearekin gerturatu zaiola behin baino gehiagotan. Azken asteburuan, ordea, mehatxu eta beldurrarazte horiek agresio izatera iritsi direla salatu du.

Horrez gain, "inork ondorio arrarorik atera ez dezan", biktimak "garbi utzi" nahi izan du erasotzailea zarauztarra dela, "eta ez kanpotarra".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!