Alba Carretero: "Kontzertuan publikoa gure inguruan esertzea nahi dugu, familia giroan"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 14a, 09:40
Alba Carretero biolin-jotzaile oriotarra. (Utzitakoa)

Biolin eta organo kontzertua izango da larunbatean Orioko elizan, 19:30ean hasita. Alba Carretero oriotarrak eskainiko du emanaldia Mirjam Laetitia Haag organo-jotzailearekin batera. 

Larunbatean biolina eta organoa uztartzen dituen kontzertua eskainiko duzu etxean. Nola sortu da aukera?

Kasualitatez. Mirjam Laetitia Haag organo-jotzaile alemaniarra laguna dut. Bera Stutgartekoa (Alemania) da ,eta organo-jotzailea izateaz gain, abesbatza zuzendaria ere bada. Abenduan hara joan nintzen ni bere abesbatzarekin batera kontzertua eskaintzera, eta orain bera etorriko da Euskal Herria ezagutzera. Alemanian, Aste Santuaren aurretik oporrak izaten dituzte, eta hemen egingo duen egonaldia aprobetxatuko dugu elkarrekin  kontzertua eskaintzeko.  
Elizan galdetu nuen ea posible izango litzatekeen kontzertua antolatzea, eta oso harrera ona izan zuen proposamenak. Aukera aparta iruditu zitzaidan. Izan ere, elizako organoa berritu egin zuten duela urte gutxi, eta banuen gogoa bertan kontzertua ematekoa.

Errepertorioari dagokionez, zer motatako musika eskainiko duzue?

Ordutxo bateko kontzertua antolatu dugu. Organo kontzertuetan ohitura da entzuleak behealdean esertzea, baina horrela organoa entzun bakarrik egiten da, eta ez da interpretea ikusten. Horregatik, nire asmoa da entzuleak gora gonbidatzea, koruan gure inguruan eser daitezen; hala, aukera izango dugu errepertorioa bertatik bertara azaltzeko. Antzinako pieza batzuekin hasiko gara, Capelloren Sonata Seconda, eta Vivaldi, Bach eta beste hainbat konpositoreren piezak eskainiz. Horrez gain, erromantizismoko obraren bat eta XXI. mendeko musika garaikideko pieza motzak ere joko ditugu.

Kontzertu bizia bezain berezia izango da, beraz?

Bai, saiatu gara kontzertu erakargarria sortzen. Mirjam Laetitia Haagek eta nik Herbehereetan ezagutu genuen elkar, goi mailako musika ikasketak egiten ari ginela. Han oso ohikoa da kontzertuko programa inprimatu beharrean, kontzertuan ahoz azaltzea. Hortaz, Herbehereetako estiloa jarraituz, pieza bakoitza azaldu eta testuinguruan kokatu nahi dut xehetasun gutxi batzuk emanez. Uste dut entzuten den hori ulertzen laguntzeko oso formatu interesgarria dela, eta horregatik nahi dugu entzuleak gure inguruan kokatzea, familia giroan. Publikoak kontzertuaz gozatzea espero dut, eta musika ezagutza zabaltzen lagunduko du, gainera.

Herbehereetan aritu zara ikasten hainbat urtez. Orain Euskal Herrian al zara bueltan ?

Urte bukaeran itzuli nintzen Euskal Herrira, eta hemendik garatu nahi dut nire musika ibilbide profesionala. Opera orkestretan nabil, Rioja Filarmonican ere jotzen dut, eta ganbera musika asko ere egiten dut; azken hori da gehien gustatzen zaidana. Horren osagarri gisa, biolin irakasle ere banabil musika eskoletan eta kontserbatorioetan. Oso gustura nago etapa berri honetan. Hortaz, kontzertua izango da aspaldi elkartu gabeko lagunak eta familia biltzeko aitzakia musikala. Urte asko pasa ditut lesio batengatik jo ezinik, eta hau izango da bueltan etxean eskainiko dudan lehen kontzertua. Beraz, berezia da niretzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!