Asteburuko eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea deitu dute larunbaterako Orion

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 14a, 11:19

Orioko LGTBIQ taldeko kideek eta Urola Kostako Gazte Feministek antolatu dute elkarretaratzea, 13:00etan Orioko plazan, Eraso homofoborik ez! Heteroarauari su! lelopean.

Asteburuan oriotar batek eraso homofobo bat jasan zuen Zarautzen, eta Orioko LGTBIQ taldeko kideek gertatutakoa salatu dute eta biktimari "babesa eta elkartasuna" adierazi diote. Hala, Orioko LGTBIQ taldeak elkarretaratzea antolatu du larunbat eguerdirako Urola Kostako Gazte Feministekin batera, eta oriotarrak 13:00etan herriko plazan biltzera deitu dituzte, Eraso homofoborik ez! Heteroarauari su! lelopean.

Ohar bidez adierazi dutenez, "erasoaldi homofoboak egunero pairatzen" dituzte kolektiboko kideek, eta "erasotzaileak publiko egiten direnak baino askoz ere gehiago" direla argi utzi dute. "Jakina da sistema hetero-patriarkatuan bizi garela, eta errealitate hori da, zehazki, horrelako ekintza oldarkorrak gaitzetsi baino elikatzen dituena. Argi dago, bada, sistema ustel hori hetero-arauek sostengatzen dutela; beraz, beti bezala, zapalkuntza jokamoldeak gailentzen dira". Hala, testuinguru horretan,  genero eta sexu aniztasunaren inguruko aurreiritzi iraingarriak eta mingarriak "errotuta" daudela eta "indarkeria kasuak ohikoak direla barneratu" dela uste dute.

Horren aurrean, ordea, adierazi dute ez dutela erasorik onartuko. "Denok aske izan nahi dugu! Antolatuta gaude eta elkarrekin indartsuagoak gara. Ez dugu beldurrik. Eta kontuz: Armairutik kanpo gabiltza. Horregatik, gutarren bat ukitzen badute, guztiok erantzungo dugu!".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!