Kiroldegian energia aurrezteko eta ekoizteko hainbat lan ari da egiten udala

Andrea Zipitria 2024ko mar. 17a, 09:25
Eguzki plakak kiroldegian. (Orioko Udala)

Lanen kostua 550.000 eurokoa da (BEZ barne), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol-ekipamenduak berritzeko dirulaguntza lerroaren bidez, 215.000 euro jasoko ditu Orioko Udalak. 

Orioko Udalak 2019an onartu zuen Energia Plana, eta ordutik, energia aurrezteko neurriak hartzen ari da, energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatuz. Izan ere, udalak azaldu duenez, "energia gehien" kontsumitzen duen eraikin publikoa da kiroldegia.

Horregatik guztiagatik, hainbat lan egiten ari da udala azken asteotan. Igerilekuko teilatuan eguzki plaka fotovoltaikoak jartzen ari da, autokontsumoa sustatzeko. Halaber, ur beroa ekoizten laguntzeko, aerotermia sistema bat ere instalatuko du. Igerilekua berotzeko eta klimatizatzeko, berriz, hezetasuna kentzeko makina eta klimatizagailua jarriko ditu, eta kontrol-sistema osoa berrituko du.

Lan horiek eginda, udalak aurreikusi du gasaren kontsumoa % 30 murriztuko dela, eta argindarraren kontsumoa, berriz, % 25.

Kostuari dagokionean, 550.000 eurokoa da (BEZ barne), eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol-ekipamenduak berritzeko dirulaguntza lerroaren bidez, 215.000 euro jasoko ditu Orioko Udalak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!