Alberto Despaigne: "Zerbait eskaini nahi nion Orioko herriari"

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 17a, 14:30

Martxoko Karkara aldizkarian, Hitz Tantak atalean, Alberto Despaigne izan da elkarrizketatua. Izozkigile ikasketak egin ditu, eta laster izozki artisauak eskaintzeko asmoa du Orioko hondartza gunean.

Denbora gutxian, kamioilari izatetik izozkigile izatera igaro da Alberto Despaigne (Kuba, 1986) Orioko bizilaguna. Ez du titulu hori bere egin nahi oraindik, ikasteko asko omen duelako, baina kontuak kontu, laster izozki artisauen denda zabalduko du Orioko hondartza gunean.

Nondik eta nora izozki denda bat?

Gogoan dut 2021. urtea zela. Bero egiten zuen, hondartzan ginen, eta alaba zaharrenak izozkia eskatu zidan. Topera zeuden hondartza inguruko tabernak, eta inon izozkirik ez genuen aurkitu. Orduan bururatu zitzaidan ideia. Kamioilari nenbilen itsaskien enpresa batean, baina ordurako ari nintzen pentsatzen ostalaritzarekin zerikusia zuen zerbait irekitzea. Oriok ez zeukan zerbait eskaini nahi nion herriari.

Izozkigile ikasketak egin zenituen.

Bai, aurrena ikastaro trinko bat egin nuen Madrilen, baina ordutik jarraitu dut ikastaro gehiago egiten; esaterako, izozki osasuntsuei buruzko ikastaroa ere egina dut. Nire asmoa da orain Zarauzko Carlos Arribas maisu izozkigilearekin egitea ikastaroa; oso izozkigile ona da bera. Izan ere, neure burua ez daukat izozkigiletzat oraindik: ibilbide eta esperientzia asko falta zait izozkigilea izatera iristeko. Egunero ari naiz irakurtzen eta ikastaroak jasotzen, hobetzeko. 

Zeuek egindako izozkiak eskainiko dituzue, ezta?

Bai, kremazko izozkiak eta sorbeteak egingo ditugu, artisauak, eransgarri edo aditiborik gabeak, eta azukrerik gabekoak ere eskainiko ditugu, baita pertsona zeliakoentzat eta beganoentzat aproposak diren izozkiak ere. Zerbait desberdina eskainiko dugu. Izozki oso osasuntsuak izango dira, frutadunak; garaiko frutak erabiliko ditugu, ez da izoztutako ezer erabiliko. Horrez gain, neure burua gainditu nahi dut, eta soilik hiru osagai dituzten izozkiak egin: fruta izaten dute batetik, eta beste bi osagaiak aldatuz joaten dira, baina oso osasuntsuak dira, eta haur txiki-txikiek ere jan ditzakete, baita diabetea edo tentsio altua dutenek ere, adibidez. Ez da erraza, ezin duzulako makina berean egin esnea daraman izozki bat eta sorbete bat, adibidez. Beraz, asmo handiak ditut Oriorako. 

Herriarentzat izozki berezia sortzeko asmoa ere baduzu, ezta?

Bai. Aztertzen ari gara zer izozki izan daitekeen Orio ordezkatzeko aproposa. Niretzat lehentasuna da Orioko herriari ematea orain arte eduki ez duen zerbait, eta izozki denda bat da hori, hondartzara paseoan etortzen direnean herritarrek izozki on bat jateko aukera izan dezaten. Zerbait eskaini nahi nion Orioko herriari, herri honek asko eman didalako.  

Zeuri zer izozki gustatzen zaizu gehien?

Egia esan, ez naiz esnedun izozki zalea; sorbeteak nahiago ditut. Gustukoena mangoren sorbetea dut, eta bigarrena, maracuja sorbetea. 

Kubatarra zara. Han izozkiak jateko ohitura handia al dago?

Ez dago izozkia jateko ohitura handirik. Badago izozkiak eskaintzen dituen enpresa publiko bat, eta jendea joaten da familia giroan lasai eseri eta izozkia jatera, baina hiru zapore bakarrik daude aukeran Kuban. Entzun dut orain italiar batek zabaldu duela izozki denda han eta zapore asko eskaintzen ari dela. Beharbada, etorkizunean, neuk ere hemengo ideia hara eramango dut eta izozki denda ireki han. 

Kirolzalea zara; asteburu askotan sofbolean aritua zara Mendibeltz futbol zelaian...

Bai, kubatarra naiz eta txikitatik gustatu izan zait beisbola, asko jokatutakoa naiz. Sofbola desberdina da, baina tira. Orion taldea zegoela jakin nuenean hantxe hasi nintzen; oso gustura jokatzen dut. Gero, Oriotik Donostiako klub batera pasatu nintzen, baina lana dela eta, badakit ezingo dudala jarraitu. Atzo bertan [otsailak 3] jokatu dut nire azken partida.

Gertu dago izozki dendaren irekiera?

Aste Santuetan nahiko genuke! Atzo ametsa zena gaur errealitate da, eta bihar arrakasta izan dadin borrokan ari gara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!