Pasa den asteburuko eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Orion

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 16a, 13:51

Pasa den asteburuko "eraso homofoboa gaitzetsi eta elkartasuna adierazi" diote erasotuari, eta salatu dute horrelako gertakariak ez direla gertakari isolatuak: "Oriotik ibiltzea ez da segurua guretzat".

Pasa den larunbatean Zarautzen gizon batek egin zuen eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Orioko plazan, herriko LGTBIQ kolektiboak eta Urola Kostako gazte feministek antolatuta. Herritar asko eta Orioko udal ordezkariak bildu dira udaletxea aurrean "erasoa gaitzesteko eta erasotuari elkartasuna" adierazteko, eta argi adierazi dute halako gertakarien aurrean "haserre eta amorratuta" daudela. Izan ere, azpimarratu dute Zarautzen izandakoa ez dela gertakari isolatua izan. "Sistema zis-heteropatriarkalean bizi gara. Gizartea mailakatuta dago, gizon zis heteroak goian daude eta beste guztiak behe-mailan. Banaketa horretan gizonek zapaltzen gaituzte egituralki eta kulturalki, baita fisikoki ere", adierazi dute testuingurua azalduz. Hala, dikotomia horri aurre egiteagatik biolentzia eremu askotan pairatzen dutela nabarmendu dute: familian, kalean, lagun artean... eta "zoritxarrez parrandan gunea ere ez dela espazio eroso eta segurua" salatu dute.

Hitzartzean mugimendu feministako eta LGTBIQ kolektiboko kideek argi azaldu dute "Oriotik lasai ibiltzea ez dela segurua" beraientzat: "Nazka aurpegiz begiratzen diguzue zerbait disidentea egin, janzten edo esaten badugu. Orion parrandan ateratzea ez da erosoa, musika heterosexuala jartzen dutelako; gizonak lasai egon zaitezketelako, nahi duzuena egiten duzuelako, eta pila bat zaretelako. Gu gure erasotzailea baino lehenago kanporatzen gaituztelako edonondik, eta oro har, ez delako ezer egiten horren kontra".

Mugimendu feministako eta LGTBIQ kolektiboko kideek uste dute zenbaiti euren presentziak "molestatu" egiten diela. "Akaso izan daiteke botere posiziotik mugitu nahi ditugulako eta zalantzan jarri beharreko egiturak azaleratzen ditugulako". Jakin badakite "heteroarauari eusten zaion artean gizon zis heterosexualek jarraituko dutela nahi duten hori izaten, nahi duten lekutik bizitzen, eta badakigu horrek emakume eta genero disidenteok arriskuan jarriko gaituela uneoro". Dena dela, horren aurrean antolatuta daudela eta horrelakorik berriz gerta ez dadin "borrokan jarraituko" dutela argi adierazi dute. "Kontuz armairutik kanpo gabiltza! Erasoen aurrean antolakuntza transfeminista eta trasnsmaribolloa! " aldarrikatu dute hitzartzearen amaieran.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!