Elkarrekin entrenatu dute Bera Berak eta Orio Eragineko jubenilek

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 19a, 15:43

Donostiako eskubaloi klubeko jokalariak Karela kiroldegian izan ziren atzo arratsaldean, eta Eragineko presidente Idoia Larrañagak hedabide honi kontatu zion beraientzat "kristorena" dela halako saioak egitea. 

Bisita berezia jaso zuten atzo Eragin eskubaloi klubeko jokalariek Karela kiroldegiko kantxan: Bera Bera eskubaloi taldea. Donostiako taldeak Orion egin zuen entrenamendua, baina aurrez, Eragineko jubenilekin egon ziren kantxan, horien entrenamendua jarraitzen eta aholkuak ematen.

Saioa bertatik bertara jarraitu zuen Idoia Larrañaga Eragineko jubenilen entrenatzaile –Gipuzkoako ligako taldearena– eta klubeko presidenteak, nola ez, eta hedabide honi jakinarazi zion ez dela ohikoa halako saioak egitea. "Beti beste klubak joaten dira Bera Bera ikustera, baina aurten maiatzean Erreginaren Kopa Donostian jokatuko denez, herriz herri dabiltza entrenamenduak egiten".

Ez dira joango herri guztietara, baina bai elkarlan horretan parte hartzera animatu diren klubetara: "Saio hau egiteko aukera eman ziguten, eta baiezkoa eman genuen, Orion neska pila bat ari direlako eskubaloian jokatzen, eta geu askotan joan garelako haiek jokatzen ikustera. Aukera polita iruditu zitzaigun entrenamendua hemen bertan ikustea".

Oriotar gazteentzat Bera Bera bezalako talde batekin entrenatzea "kristorena" dela nabarmendu du Larrañagak, eta "urduri" ere bazeudela aitortu du, "normala den bezala".

Urte polita Eraginentzat

130 kirolari federatu inguru ditu gaur egun Eraginek, eta eskubaloi eskolan, beste 65. Ia 200 jokalari guztira, beraz.

Aurten, gainera, kluba sortu zutenetik bertan dabiltzan sei jokalari igo dira senior taldera, eta hori klubarentzat "oso polita" dela azaldu du presidenteak; "saria da guretzat, lorpena, ez delako erraza, asko kanpora joaten direlako ikastera eta zaila delako dena uztartzea eta taldearen dinamika mantentzea".

Klubak bost urte bete berri ditu, eta ezer berezirik egiteko asmorik ez duten arren, Korrikan parte hartuko dute gaur, kilometroa erosita.

"Lan asko eta asko egiten ari gara klubak aurrera egiteko, baina neskak gustura daude eta baita gurasoak ere, eta horrek merezi du esfortzu hau guztia", kontatu du Larrañagak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!