Orioko zaintzaren ekosistema eraldatzeko prozesua martxan da

Andrea Zipitria 2024ko mar. 22a, 16:00
Igandean herriko plazan egin zuten Zaintzak Plazara! ekitaldiko uneetako bat. (Andrea Zipitria)

Zaintza herriaren erdigunean jartzea da Orioko Udalaren asmoa, eta eredu propio bat eraikitzea. Horretarako, Zaintza Bulegoa izeneko espazioa irekiko dute irailean.

Joan den asteburuan egin zuten Zaintzak Plazara! ekitaldia Orion, eta herriko zaintzaren ekoistema eraldatzeko prozesuaren abiapuntua izan zen hori, Orioko Udalaren esanetan. Herritarrekin egin nahi du bidea udalak, eta, horretarako, "prozesu parte hartzailea" abiaraziko dute.

Matia Fundazioaren eta Emagin elkartearen laguntza teknikoari esker, "herri diagnostiko parte hartzailea" egitea da asmoa. Hala, irailetik aurrera, Zaintza Bulegoa izeneko espazioa irekiko dute, "zaintza ez baita Gizarte Zerbitzuetan gertatzen dena bakarrik".

Anuska Esnal alkateak proiektuaren nondik norakoak azaltzeko hartu zuen hitza plazan egindako ekitaldian, eta iraganera egin zuen salto: "Zaintzak dakartzan min, bakardade eta tristura guztiak garai batean baserrietan geratzen ziren, eta gaur egun, non geratzen dira?", galdetu zuen. Halaber, zaintzaren krisia pandemiak lehen lerroan jarri zuela azpimarratu zuen. Horregatik guztiagatik, "herria irakurtzea" beharrezkotzat jotzen du: "Herrian ditugun baliabideak ikusi behar ditugu, herritarrak ahaldundu behar ditugu, eta gero bai, baliabideak sortuko ditugu", azaldu zuen aurkezpenean. Gaur-gaurkoz, "osagarri guztiak prest" dituztela ziurtatu zuen; "hauxe da abiapuntua", azpimarratu zuen.

Gizarte Zerbitzuetako langileek hitz egin zuten ondoren. Orion, menpekotasun egoera aitortuan 205 pertsona daudela aipatu zuten, eta horiei zuzendutako "askotariko laguntzak" egon arren, "ez dira zaintzarako eskubide guztiak bermatzen" egoera guztietan. Alabaina, "zaintza duina" bermatzeko lanean jarraitzea da helburua, "kalitatezko eredua" definitzeko.

Saregile emakumeen etxeko dinamizatzaileek, berriz, gogorarazi zuten zaintza lanak emakumeek hartzea espero dela, "konturatu gabe zaintza aukera bat dela, eta ez derrigorrez egin beharreko zeregin bat". Generoaz gain, beste hainbat "aldagai" ere badira haien ustetan. Aipatutako eragile horien guztien elkarlanaren bitartez eta zaintza herriaren erdigunean jarriz diseinatuko dute, beraz, Orioko zaintza eredu propioa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!