Datorren astean jasoko dituzte Anibarko Portuan Alokabidek gazteentzako prestatutako alokairu sozialeko etxebizitzen giltzak

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 5a, 12:00
Alokairuan emango dituzten etxebizitzetako baten sukaldea. (Alokabide)

Sei etxebizitza prestatu dituzte 530.000 euroko inbertsioa eginda, eta gehienez bost urtez bizi ahalko dute bertan onuradunek. Bestalde, Jaurlaritzak jakinarazi du datorren urtean erabilgarri egongo direla Visesa Munton eraikitzen ari den alokairurako 48 etxebizitzak.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren Alokabide sozietate publikoak sei bizitoki berri prestatu ditu Anibarko Portuan 36 urtetik beherako gazteei alokairuan eskaintzeko, eta etxebizitzen giltzak hurrengo astean entregatuko dizkie onuradunei, Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez.

Bizitoki horiek babes ofizialeko etxebizitzen eraikin baten beheko solairuan daude, eta gela bat, sukalde eta egongela integratua eta bainugela bat dituzte. Bizitokietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat moldatuta dago, eta gehienez bi pertsonek bizi ahalko dute etxe bakoitzean.

Etxebizitzak prestatzen 539.175 euro inbertitu ditu (BEZ barne) Alokabidek, eta esleipendunak gehienez bost urtez biziko dira etxe horietan, txandakako etxebizitzak direlako eta, "horien neurriak eta behin-behinekotasuna kontuan hartuta, gazteak emantzipatzeko prozesuetan laguntzeko bereziki egokiak" direlako.

Alokairuko etxebizitza berriak dauden eraikina, Anibarko Portuan. (Alokabide)

Muntoko 48 etxeak, datorren urtean

Erakundeak azaldu duenez, etxebizitza horietako bizikidetza-unitateek hilean ordainduko duten kanona euren diru sarreren % 30etik beherakoa izango da, eta etxebizitzak eskuratu ahal izateko baldintzak zein diren ere esan dute: Etxebiden alta emanda egotea, jabetzan etxebizitzarik ez izatea eta urteko diru sarrera haztatuak 3.000 eurotik 42.314 eurora bitartekoak direla egiaztatzea, bai eta bizikidetza-unitateak bi kide baino gehiago ez izatea eta prozeduran izena eman zen datan 36 urte baino gutxiago izatea ere. Orion erroldatutako pertsonek lehentasuna izan dute prozesuan.

Orain arte, Etxebizitza Sailak hemezortzi etxebizitza partikular kudeatzen zituen Orion Bizigune programaren bidez, baina ez zuen alokairuan emateko bere etxebizitza-parkerik. Sei bizitoki hauek izango dira lehenengoak, eta datorren urtean parke hori haztea aurreikusten da; izan ere, Visesa sozietatea alokairuko beste 48 etxebizitza publiko ari da eraikitzen Munton. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Etxebide etxebizitza zerbitzuak 292 etxebizitza eskatzaile ditu, horien % 74 alokairu erregimenean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!