Datorren astean hasiko dira Saregilek hiruhileko honetarako emakumeentzat prestatu dituen ikastaroak

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 8a, 08:00
Pertsona bat txi kung izeneko teknika multzoa praktikatzen.

Saregile Orioko Emakumeon Etxeak prest du udaberri honetako programa, eta ikastaroetan izena emateko epea asteazkenean, hilak 10, zabalduko du.

Saregile Orioko Emakumeon Etxeak prest du udaberriko programa, eta hiruhileko ikastaroak hurrengo astean bertan hasiko dira. Biodantza, Txi Kung eta sormen esperientzia tailerra eskainiko dituzte. Irakurle taldea eta munduko emakumeen topagunea ere martxan izango dira, baita amatasuna partekatzeko espazioa ere.

Ikastaroetan izena emateko epea asteazken honetan zabalduko du, hilaren 10ean, eta hiru bide egongo dira horretarako: Saregileren egoitzan bertan eman daiteke izena; saregile@gmail.com helbidera idatzita; edota telefonoz, 623 17 85 53 zenbakira deituta.

Ikastaroen egutegia eta ordutegia

Biodantza ikastaroa Eider Zuriarrainek eskainiko du apirilaren 17tik ekainaren 19ra, asteazkenetan. 16:00-17:30 artean izango da, elebitan, eta parte hartzeko 20 euroko ekarpena egin beharko da.

Txi Kung: Harmoniara Bidean ikastaroa, berriz, Marta Kaperotxipik emango du apirilaren 23tik ekainaren 18ra, astearteetan, goizez, 10:30-12:30 artean. Euskaraz izango da, eta bertan parte hartzeko ere 20 euro ordaindu beharko dira.

Sormen Esperientzia Tailerra Zorione Mendezek eskainiko du apirilaren 26tik ekainaren 21era, ostiraletan, hori ere goizez, 10:30-12:30 artean. Elebitan izango da eta izena ematea 25 euro kostako da.

Bestalde, hiruhileko honetan ere martxan izango da Nerea Loiolak gidatzen duen irakurle taldea. Apirilaren 24tik ekainaren 19ra izango dira saioak, hileko azken asteazkenetan, 18:30etik 20:00era, denak euskaraz. Apirileko liburua zein den ere jakinarazi dute: Annie Ernauxen Emakume Bat.

Munduko emakumeen topagunea ere eskainiko dute Saregilen, Aleksandra Zak-en eskutik. Apirilaren 13an, maiatzaren 4an eta 25ean, eta ekainaren 15ean elkartuko dira, 16:00etatik 19:00etara, eta saioak gaztelaniaz izango dira.

Azkenik, gogorarazi dute amatasuna partekatzeko espazioa zabalik egongo dela, ostegunetan, 10:30ean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!