Ibai Ondo kalea itxita egongo da bihartik ostiralera

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 9a, 13:45
Ibai Ondo kalean konoak jarriak dituzte gaur aparkalekuen ondoan. (Orioko Udala)

Galtzadan konponketa lanak egin behar ditu udalak, eta horregatik, hiru egun horietan herriko irteera Txanka-Hondartzatik egin beharko dute ibilgailuek. Zirkulazioa eten egingo dute 08:00etatik 16:00etara, eta udaltzainek lagunduko diete aparkatutako ibilgailuei bertatik irteten. 

Orioko Udalak jakinarazi du Ibai Ondo kalea itxita egongo dela ibilgailuentzat bihartik ostiralera, bi egun horiek barne. Izan ere, galtzadan konponketa lanak egin behar dituzte. Horregatik, herriko irteera Txanka-Hondartzatik egin beharko dute ibilgailuek hiru egun horietan. Ibai Ondon zirkulazioa etenda egongo da 08:00etatik 16:00etara, eta udaltzainek lagunduko diete aparkatutako ibilgailuei bertatik irteten.

Aparkalekuei dagokienez, udalak azaldu du ibilgailuak ez direla erretiratu beharko kalearen zatirik handienean, baina erriotik Aita Lertxundi kalera arteko azken zatia libre utzi beharko dute, eta udaltzainen laguntzaz, han aparkatuta dauden ibilgailuak kontrako norabidean aterako dira, Herriko Plazatik.

Garajeetako erabiltzaileei ere ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko ahalegina egingo du udalak. 08:00etatik 12:00etara, arazorik gabe irteteko aukera izango dute; 12:00etatik 14:00etara, berriz, baliteke garajeen sarrera-irteera batzuk blokeatuta egotea, lanen martxaren arabera. Beraz, ahal den neurrian, tarte horretan ibilgailuen sarrera-irteerak saihesteko eskatu nahi die udalak bizilagunei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!