"Herritarren neurrira" egindako politika defendatuko du EH Bilduk Jaurlaritzan

Andrea Zipitria 2024ko api. 13a, 12:00

Apirilaren 21ean izango diren Eusko Legegiltzarrerako hauteskundeei begira, agerraldia egin zuen atzo arratsaldean Orion EH Bilduk. Anuska Esnal alkateak eta Nekane Zinkunegi EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politikoak eman zituzten azalpenak atzo herriko plazan izan zen ekitaldian. Orion gisa, Jaurlaritzan ere "herri interesak" defendatuko dituztela azaldu zuten, eta "herri hau martxan jartzeko beharra" azpimarratu zuten.

Apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta EH Bilduk kanpainako ekitaldia egin zuen atzo arratsaldean Orion. Bertan izan zen EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politiko Nekane Zinkunegi, Orioko EH Bilduko hainbat zinegotzi eta Anuska Esnal alkatea.

Herriko plazan egin zuten ekitaldia, eta hitza hartu zuen lehena izan zen Anuska Esnal. Atzera jo zuen Esnalek, eta 2019an udal agintaritzara salto egin zutela gogorazi zuen, lehenengoz udal hauteskundeak irabaziz. Orioko Udalera "haize freskoa" sartu zen "jende gaztea, konprometitua, eta bere interes pertsonaletatik haratago herriaren alde egiten duena". 

"Egiteko moduetan aldaketak eman genituen, parte hartze prozesuak ireki genituen, baina egiteko moduaz gain, gai izan ginen erronka honi aurre egiteko", azpimarratu zuen. Hala, 2023ko udal hauteskundetan, berriz "esna egin genuen amets". Hala, "Oriok sentitu du egiteko modu berri bat, ikusi du betiko inertziekin amaitzea posible dela, eta gaitasuna dugula edozein erronkei aurre egiteko. Herri honek ikusi du EH Bilduren aterki azpian jende askok duela tokia, jende ezkertiar eta berritzailez osatua dago".

Jaurlaritzan aldaketa hori ere beharrezkotzat jo zuen, eta azpimarratu zuen EH Bilduk Orioko Udalean sartzeak eman duen "olatu berbera" sortuko lukeela EH Bilduk jaurlaritzara sartuko balitz.

"Ziklo politiko berria"

Zinkunegik esan zuen apirilaren 21era begiratuta, eta lupa altxatuz gero gobernatzeko indarra izateko "aukera errealak" dituela EH Bilduk: "Herritarrek EH Bilduren goranzko joeraren parte izatea erabaki dutelako, eta hori gertatu da udaletatik eta EH BIlduren alkatetzatik egiten ari den lanari esker. Orio da horren adibide garbi bat, 2019an 6 zinegotzi edukitzetik 10 zinegotzi izatera heldu baita".

Joera hori "errepikatu" egingo dela azaldu zuen. Orion gertatu gisa, inkestek esaten dutena baino "askoz ederragoa" izango dela emaitza iritzi dio, "mapa politikoa aldatu egin baita". 

Jaurlaritzan ere "herri interesak defendatuko ditugu" eta horregatik, "eztabaidara ekartzen ari gara garrantzitsuak iruditzen zaizkigun gaiak. Etxebizitzen prezioa, emakume tasa baxuena duen herrialdetako bat garela eta zaintzaren arazoa kasu", besteak beste.

"Ziklo politiko berri" bati hasiera emateko prest agertu zen Zinkunegi, "herri hau martxan jartzeko beharra daukagulako". Hori guztia, ordea, "herritarren neurrira egingo dugu, eta hori eramango dugu jaurlaritzara. Uste dugulako merezi dugula herritarrok gobernu dezente bat. Lehentasunez herritarrak babestuko dituena, Orion, Gipuzkoako beste 50 alkatetzetan, eta Euskal Herri guztian egiten ari den politika hori. Orain, egiteko modu hori mailaz igotzeko beharra dago, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde gorenetara eramateko determinazioa da".

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!