Kulturako plan estrategikoaren "ardatz eta balio nagusiak adosteko" bilerara deitu du udalak

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 16a, 08:00
Herriko txaranga, artxiboko irudian.

Bilera apirilaren 27an egingo dute, larunbatarekin, eta herriko kultur eragileei eta norbanakoei eskatu diete bileran parte har dezaten. Izena aurrez eman behar da.

Orioko Udala kultur arloko plan estrategikoa lantzen ari da azken hilabeteetan. Herriko eragileekin hainbat bilera egin ditu, eta herritar guztiei zabaldutako inkesta erantzuteko aukera ere egon da. "Guztira ehundik gora lagunek parte hartu dute lehen faseko dinamikan", eta horregatik "pozik" da udala.

Bigarren fasearen txanda da orain, eta eragileei "bigarren eta azken ahalegina" eskatuko die; apirilaren 27an Kosta tailerrean 10:00etatik 12:00etara egingo den bileran parte hartzea. Bertan plan estrategikoaren "ardatz eta balio nagusiak adosteko dinamika" egingo dute. "Kultur eragileok gonbidatuta zaudete, gonbidatuta ez ezik, ezinbestekoa ikusten dugu zuen presentzia", esan dute arduradunek.

Izena eman behar da bileran parte hartzeko (kultura@orio.eus helbidera idatzita), eta hori bi modutara egin daiteke, norbanako gisa, edo kultur eragile gisa. Eragile gisa emanez gero, talde bakoitzetik bilerara bizpahiru lagun joatea proposatu dute.

Sanpedroak prestatzeko azken bilera

Bestalde, udalak jakinarazi du ekainaren 28tik uztailaren 1era ospatuko diren San Pedro jaiak prestatzeko azken bilera egingo duela festa batzordeak.

Data zehaztu dute, eta apirilaren 25ean izango da hitzordua. Tokia eta ordua, berriz, aurrerago zehaztuko dituzte.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!