Zaintzari lotutako sei bilera egingo dituzte langile, kudeatzaile, erabiltzaile nahiz senitartekoekin

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 15a, 15:17
Adineko pertsona bat, irakurtzen.

Orioko Udala lehen urratsak ematen ari da herriko zaintza ekosistemaren eraldatzeko, eta horri lotuta, sei saio egingo ditu zaintzaren alorrean lan egiten duten profesionalekin, zainduak diren herritarrekin, senitartekoekin nahiz herriko komunitatearekin. Aurreneko bi bilerak ostegunean izango dira.

Herriko zaintza ekosistema eraldatzeko aurreneko urratsak ematen ari da Orioko Udala hainbat eragilerekin batera, eta gaur jakinarazi du datozen asteetarako sei saio antolatu dituela gaia lantzeko zaintzaren alorrean lan egiten duten eta zainduak diren herritarrekin.

"Zaintza ekosistema eraikitzearen helburu nagusia gaur egungo arreta eredua birformulatzea da, pertsona ardatz gisa duen arretaren ikuspegitik. Eredu horrek zaintza behar duten adinekoen bizi kalitatea bilatzen du eta horri ematen dio lehentasuna, haien beharretatik abiatuta. Horretarako, funtsezkoa da pertsonak bere nahien arabera bizitzen jarraitzeko behar dituen zerbitzu eta arreta guztien koordinazioa eta parte hartzea", azaldu du udalak ohar bidez.

Eredu berri hori diseinatzeko, "udalarentzat ezinbestekoa da" zaintzaren alorreko profesionalen eta erabiltzaileen beharrak, kezkak, hutsuneak… ezagutzea, eta horretarako, "gogoeta egiteko topagune izan nahi duten2 sei saio antolatuko ditu apirilerako eta maiatzerako. Aurreneko bi saioak ostegun honetan bertan izango dira, hilaren 18an. Eguerdian zerbitzu hornitzaileekin egingo du saioa –Pinpirin, Eulen, Biharko eta halakoekin–, eta arratsaldean, berriz, laguntzaile profesionalekin.

Hurrengo astean, berriz, erretiratuekin eta prejubilatuekin elkartu nahi du –Zaharren Babeslekua, Ostargi eta Oria Bizi bezalako eragileekin–, baita zaintza afektiboa ematen dutenekin ere –lagun eta senitartekoekin, alegia–.

Azken bi saioak maiatzean izango dira, zainduak diren pertsonekin bat, eta herriko bestelako eragileekin, bestea.

Honakoa da egutegia:

Apirilak 18, osteguna:

  • 12:00. Zerbitzu hornitzaileentzako saioa, Saregilen. Saioa itxia izango da.
  • 16:00. Laguntzaile profesionalentzako saioa, Saregilen.

Apirilak 25, osteguna:

  • 12:00. Jubilatuentzat eta prejubilatuentzat saioa, Kultur Etxean.
  • 15:30. Zaintzaile afektiboentzat saioa, Saregilen.

Maiatzak 14, asteartea:

  • 11:00. Zainduak diren pertsonekin saioa, Kultur Etxean.

Maiatzak 30, osteguna:

  • 17:30. Herriko komunitatearekin, Saregilen.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!