Mikel Manterola: "Dezenteko oihartzuna irabazi dut herrian Txurrumuskiri esker"

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 20a, 08:00
Mikel Manterola, Orioko plazan binilo batzuk eskuetan. (Aritz Mutiozabal)

Gaztea da Mikel Manterola (Orio, 2009), baina badaki bere adinekoek zer entzun nahi duten eta nolako musika jarri behar duen plaza dantzan jartzeko. DJ Fisher gisa aurkezten du bere burua emanaldietan, eta jendea bere erritmoaren sarean harrapatzen du. Apirileko Karkara aldizkariko Hitz tantak atalean argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Oso gazte ekin diozu disko jartzaile bideari. Nola hasi zen guztia?

Txurrumuski taldeari laguntza pixka bat ematen ari naiz gehienbat; festak eta ekitaldi batzuk girotzen, hain justu. Nire arreba Gaztetxean ibiltzen zen, eta haren lagunak Txurrumuskiko kideak zirenez, komentatu zien musika jartzen eta halako kontuetan ibiltzea gustatzen zitzaidala. Orduan, haiek deitu zidaten, eta horrela hasi zen guztia. Elkarrekin harremanetan jartzeko bideak partekatu genituen, eta harrezkero, hainbat tokitatik deitzen hasi zitzaizkidan.

Zenbat emanaldi eskaini dituzu orain artean?

Sanpedroetan eta sanikolasetan emanaldi bana eskaini nuen, eta gero, Ikastolan eta, beste pare bat. Guztira, lau izan dira. Aurten beste saio bat dut hitzartuta.

Apurka-apurka zuri ere bete-betean sartu al zaizu musikaren harra?

Bai, hala da. Hasieran, Interneten nabigatzen hasi nintzen, gauza hauek online bidez begiratzen. Ondoren, ekipamendu txiki bat erosi nuen, eta nire kontrol-mahaiarekin, bada, pixkanaka-pixkanaka, aurrerapausoak ematen joan naiz. Mahaia prest jartzen dut, eta gauza berriak ukitzen aritzen naiz, ea nolako doinuak sortzen diren aztertzen. Entsegu pila bat egiten ditut, dena ondo atera arte.

Egunero eskaintzen al diozu denbora makinari?

Egoeraren arabera. Gogoz nagoenean denbora gehiagoz aritzen naiz, jakina. Adibidez, sanpedroetako saiorako hasi naiz jada lanean, abestiak berritzen, ukituak ematen eta oinarri bat bilatzen.

Zer nolako musika jartzen duzu nagusiki?

Jartzen dizkidaten baldintzen araberakoa izaten da hori. Batzuetan esaten digute erdarazkorik ez jartzeko, eta euskal musikara bakarrik moldatzeko. Besteetan abesti matxistak saihesteko zehazten digute. Baina, gehienbat, euskal kantak jartzen ditut, dantzagarriak eta kantatzeko modukoak.

Eta zeuri zer motatako musika gustatzen zaizu?

Nik normalean nahiago dut musika euskalduna, baina gero, technoa, reggaetoia eta halako erritmoak ere atsegin ditut, edozein disko jartzailek bezala.

DJ batek ez du soilik musika jartzen, bestelako nahasketa batzuk ere egiten ditu, geruza ezberdinekin jolastu, schratch-ak egin...

Momentuz, gauza horiek albo batera utzi ditut, eta egiten dudana da abesti bat bukatzerakoan erritmoa azkartu eta datorren abestiaren hasierarekin uztartu. Komentatutako teknika horiek guztiak egiteko aparatu handiagoak behar dira, eta hori jada beste maila batera igotzea litzateke. Ni, oraingoz, gustura nabil nirearekin. Gero, zuzenekoetan laguntzen nauten lagun batzuk baditut, dela soinu teknikari gisa, dela argiteriarekin. Hori asko eskertzen diet.

Uneko zaletasun moduan ikusten duzu hau, ala aurrera begirako zerbait bezala?

Momentuz, orain nabilen bezala, ongi dago. Agian, aurrera begira, DJ gisa ez nuke jarraituko, baina adibidez, gustatzen ari zait soinu edo argiztapen teknikarien esparru hori. Nolabait ere, kontzertuetako ezkutuko aldera pasatuko nintzateke, baina musikaren alde hori asko atsegin dut. Baita gauzak antolatzea ere.

DJ gehienek alias edo goitizen bat edukitzen dute. Nonbait, zuk ere baduzu bat, ezta?

Bai, DJ Fisher bezala aurkezten naiz. Kontua da niri arrantza ikaragarri gustatzen zaidala, eta lagun batzuk hasi zitzaizkidala Fisher deitzen. Gero, musika jartzen nuela eta, norbaitek proposatu zuen ongi geratuko zela DJ Fisher goitizena, eta horrela sortu zen guztia.

Eta zu zeu eroso zaude izen horrekin?

Oro har, Orion guztiek Fisher deitzen didate Mikelen ordez. Helduek salbu, gazteek hala ezagutzen naute. Nik gustuko dut, eroso sentitzen naiz. Bastante ezaguna egin naiz herrian, batik bat Ikastolan eta Zaraguetan, eta uste dut dezenteko oihartzuna irabazi dudala Txurrumuskiri esker.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!