Mundu zabala babesleku

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 8a, 13:00

Nela Corrales, Mayi Alarcon eta Aleksandra Zak, duela egun batzuk Orion. (Onintza Lete Arrieta)

Orion bizi diren emakume guztiek beren tokia dute Saregile emakumeen etxean, eta hiru astero, baita bilgune berezi bat ere: Munduko Emakumeen Topagunea. Nela Corralesek, Mayi Alarconek eta Aleksandra Zak-ek beren esperientzia kontatu dute.

Bakardadea hitza hainbat ezaugarrirekin lotu ohi du gizarteak: adinekoa izatearekin, familiarik ez edukitzearekin, bakarrik bizitzearekin... Mayi Alarcon, Nela Corrales eta Aleksandra Zak ez dira adinekoak, eta ez dira bakarrik bizi. Seme-alabak ere badituzte. Baina familia eta lagunak beren herrialdeetan utzita etorri ziren Euskal Herrira, eta bakarrik egon ez arren, sentitu izan dute bakardadea. Horregatik, pozarren elkartzen dira Orioko Saregile emakumeen etxean hiru astetik behin egiten den Munduko Emakumeen Topagunea egitasmoan.

Zak da saioen dinamizatzailea; berak proposatu zuen Orion taldea sortzea, berari asko lagundu ziolako antzeko egitasmo batek: "Duela hamar urte Euskal Herrira iritsi nintzenean, Donostiako saio batzuetara joaten hasi nintzen, jende gutxi ezagutzen nuelako eta artean ez nuelako ondo hitz egiten gaztelaniaz. Nire antzeko esperientziak eta arazoak zituzten emakumeekin elkartzeko aukera izaten nuen han; babeslekua zen niretzat", azaldu du Zarauzko bizilagunak. 

Orion emakumeen etxea zabaldu zutela jakin zuenean, Zak-ek berak proposatu zien arduradunei halako espazio bat zabaltzea. "Ohartu naiz beste herrialde batzuetakoak garen emakumeontzat oso garrantzitsua dela halako toki bat edukitzea, eta indartsu sentitzen nintzen dinamizatzaile lanak egiteko". Antropologoa da Zak, eta asko gustatzen zaio kultura eta ohitura berriak ezagutzea. 

Topagunean parte hartzen duten emakume batzuk, Saregilen, berriketan. (Utzitakoa)


Hainbat saio egin dute dagoeneko, beti larunbat arratsaldez, eta hurrengo hitzordurako data ere jarria dute: hilaren 25ean, larunbatarekin, elkartuko dira, Saregilen, 16:00etatik 19:00etara.

Lagunak egiteko bidea


Munduko Emakumeen Topaguneko partaideetako bi dira Alarcon eta Corrales Orioko bizilagunak. Corrales orain arteko saio guztietara joan da. "Urteak pasatu ahala, pixka bat bakarrik sentitzen nintzen, nahiz eta alaba eta senarra eduki, eta senarraren familia. Etxekoen bero hori falta nuen. Gainera, gustatzen zait kultura berriak ezagutzea eta jendearekin egotea, haiei entzutea eta beraiek niri entzutea. Eta uste dut emakumeen etxea toki egokia dela laguntasuna sentitzeko". 

Alarconek kontatu du emakumeen etxeko ekintza gehienetara joaten dela, eta hala jakin zuela egitasmo honen berri ere. "Saio gutxitan parte hartu dut orain arte, baina han bildutakoen artean sortzen den konexioa oso polita da. Beste herrialde batetik zatozenean, oso bakarrik sentitzen zara, eta oso zaila da lagunak egitea berehala. Nik Nela kalean ikusi izan banu, ez nintzatekeen ausartuko harengana gerturatzen". Saregileko txokoan, berriz, lagun egin dira. 

Topaguneari esker esperientziak partekatzen dituzte, lagunak egiten dituzte, baita gauza berriak probatu ere, Alarconek esan duenez: "Nork bere ohiturak, dantzak eta jana egiteko modua ditu, baina Saregilen hori guztia elkarrekin partekatzen dugu, eta horrek batu egiten gaitu; bete egiten du". 

Herriko emakume guztiak gonbidatu dituzte saioetan parte hartzera. (Onintza Lete Arrieta)

Poloniarra da Zak, nikaraguarra Corrales, eta kolonbiarra Alarcon. Topagunean Saharako emakumeek ere parte hartzen dute, baita jatorri marokoarra duten oriotar batzuek ere. 

Alarconen ustez, ondo asmatu dute topaguneari "munduko emakumeak" izena jarrita: "Ez gara emakume migranteak, munduko emakumeak baizik, eta bakoitzak dauka besteei eskaintzeko kultura bat. Beraz, emakume euskaldunek ere bat egin dezakete topagune honetan, edo Valentziatik [Herrialde Katalanak] etorritakoek, adibidez, haiek ere beren ohitura propioak dituztelako". 

Helburuak argi


Zakek azaldu du topagunearen helburua dela bertako kideek modu aktiboan parte hartzea saioetan, eta jarduera beraiena sentitzea: "Taldea taldekideena izatea nahi nuke, beraiek egindakoa, eta espazioa ere beren espaziotzat sentitzea". 

Corralesen ustez, dagoeneko beraiena sentitzen dute espazio hori, eta azpimarratu du bera "hutsik egin gabe" joaten dela saio guztietara. "Seguru sentitzen gara han, lasai hitz egin dezakegu nahi dugun gauzez eta jarduera mordoa egiten ditugu: ariketa fisikoa, sukaldaritza, masajeak...". 

Alarconek ere uste du «denek» behar dutela "barrua husteko toki bat", eta Saregilen duten dinamika egokia dela horretarako. "Konfiantza giroa sortzen da", gaineratu du. 

Zakek azaldu du nahiz eta integratuta egon Euskal Herrian, askotan ez direla ulertuak sentitzen: "Orion, Zarautzen eta euskal gizartean integratuak egon gaitezke, baina nik sentitu izan dut hemengo jendeak ezin nauela guztiz ulertu, ez duelako bizi izan nire esperientzia. Baina topagunean elkartzen garenok elkar ulertzen dugu antzeko gauzak bizi izan ditugulako, eta elkarri laguntzeko aukera ematen digu horrek. Pertsonalki, asko betetzen nau horrek. Bertako lagunak baditut, baina baita beste herrialde batzuetakoak ere, eta horrek ondo sentiarazten nau".  

Elkar laguntzearen ideia hori azpimarratu dute hirurek. Izan ere, kanpotik datorrenarentzat ohitura, kultura eta hizkuntza berriak dira hemengoak, eta informazio guztia da ongietorria, bai erakundeekin egin beharreko kudeaketen ingurukoa, baina baita kontu xumeagoen gainekoa ere; "esaterako, herriko kafe onena non ematen duten jakitea", dio irribarretsu Alarconek. 

Izenak berak dioen bezala, munduko emakumeen topaleku izan nahi du proiektuak, eta beraz, hirurek azpimarratu dute, hori ere irribarrea ezpainetan, "herriko emakume guztiak" daudela gonbidatuta saioetara.