Sanikolasak

Haur eta gurasoentzat hamaika ekimen

Karkara 2014ko abe. 6a, 09:46

Goizero eta arratsaldero ekitaldiak egingo dira haurrek eta gurasoek, elkarrekin, disfruta ditzaten San Nikolas jaiak.

San Nikolas bezperan hasiko ziren festak. Deiadarraren ondoren jo zuten txistua federazioko epaileek, eta harria jaso eta jaso aritu zen Idoia Etxeberria, errekor saiakeran fin. Harri-jasotzailearen saioaren ondoren disko-jartzaileen saioa etorri zen.

Gaur, San Nikolas egunean, goizean goizetik murgilduko dira festa giroan oriotarrak. Haur eta helduentzat hamaika aukera izango dituzten festaz gozatzeko. Lehena gaur, goizean goiz, 10:00etan. Fruta festa egingo da kultur etxean.

Abenduaren 7a umeen eguna izango da. Izenak dioen bezala, ekintza gehienak haurrei zuzendutakoak izango dira. 10:00etan, haur eta gurasoentzat mozorro prestaketa eta mural marraztea izango da kultur etxean. Tailerrean egindako mozorroak arratsaldeko kalejiran erabili ahal izango dituzte. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da kalejira, Kultur Etxean, Pello eta Nikolasa erraldoiak eta Talai Mendi txarangak alaituko dutena.

Egun berean, gaztetxoek herriaren ardura hartuko dute udalbatzarrean. 11:00etan izango da hori, eta hau amaitzean, aurten jaiotako oriotarrei ongietorria egingo zaie. Iaz izan zen lehen aldia Atsolorra, eta argazkia jasota gelditzea polita iruditu zitzaienez, bihar ere berriz egingo da. 59 ume dira aurten jaiotakoak, eta banan bana arrantzale zapia jantzi eta argazkia egingo dute gurasoekin batera.

San Nikolas hirugarrenean, abenduaren 8an, zaldiak egin eta apaintzeko tailerra egingo da kultur etxean. 11:00etan izango da eta parte hartzaile bakoitzak galtzerdi bat eraman behar du. Arratsaldean, goizeko tailerreko sorkuntzei erabilpena emango zaie eta jolasak egingo dira plazan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!