Arrauna: 2016-2017

Igor Makazaga: "Aukera polita da, eta, pertsonalki, oso momentu onean harrapatu nau"

Karkara 2016ko urr. 1a, 16:42

Zortzi urtez entrenatzaile izan ondoren, talde baten gidaritza izateko ardura ez zuen hartu nahi izan Igor Makazagak. Arrauna beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera suertatu zitzaion orduan. Esatari lanetan ibili da azken denboraldian. Baina, hurrengoan, berriz ere bere ohiko postura itzuliko da. Entrenatzaile lanetan arituko da Donostiarran. 

Entrenatzaile lanak utzi zenituen Orioko etapa bukatzean. Orain, berriz ariko zara lan horretan. Zerk animatu zaitu paper hori berreskuratzera?

Zortzi urtez entrenatzaile izan eta gero -lau urte San Juanen eta lau Orion-, atseden honek atzera begiratzeko balio izan dit, gauzak ongi aztertzeko, hausnartzeko. Animatuta sentitu naiz. Aukera polita da, eta, pertsonalki, oso momentu onean harrapatu nau. Hain juxtu horregatik, zortzi urte segidan entrenatzaile lanetan aritu eta gero atsedena hartu dudalako eta, atsedena hartzeaz gain, tarte hori aurretik egindakoa ordenatzeko eta hausnartzeko balio izan didalako. 

Azken urtean, ordea, arrauna beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera izan duzu. Estropadetan esatari lanetan ibili zara. Zer nolako esperientzia izan da? 

Oso esperientzia aberatsa izan da. Atsedena hartu izanak aurretik egindako lana aztertzeko aukera eman dit, baina esatari lanetan aritzeak arrauna kanpotik bizitzeko aukera eman dit. Estropadetan egon naiz, estropadak aztertu eta baloratu ditut. Horrek beste perspektiba bat ematen dizu. Gauzak ordura arte ikusten ez zenituen moduan ikusten dituzu. Ikuspuntu objektiboago batetik ikusten duzu. 

Oso gustura aritu naiz; oso giro onean, gainera. Lehorretik oso modu desberdinean bizitzen da arrauna. Itsasotik bizitzen denarekin ez du zerikusirik. Beste ikuspuntu batetik ezagutzea aberasgarria izan zait. 

Donostiarra iaz TKE ligara igotzeko zorian egon zen. Aurtengo helburua hori al da, igotzea? Eta helburu hori izateak zuri bueltatzeko grina piztu al dizu? 

Gehien erakartzen nauena, epe motzera lortzea daukaguna baino, epe erdira edo luzera lortu dezakeguna da. Aukera politak dauzkagu. Urte dezente pasa dira proiektu honi heldu zietenetik. Martxan dagoen tren batean sartzen naiz. Martxa onean dagoen tren batean, gainera. Epe motzera begira, datorren urtean lortu daitekeena baino, epe erdi-luzera proiektu honek dituen aukerak erakartzen naute. 

Gaur egin duzue agerraldia, albistea publiko. Zuzendaritza taldeaz gain, eduki al duzu arraunlariekin egoteko aukera? 

Lehendabizi talde horren bestelako ardurak dituztenekin bildu naiz. Lehendabizi barrura begirako lana egin behar da eta. Arduradunekin hitz egin dut, eta, egia esan,  dena oso positiboa izan da. Hurrengo asteetan bilduko naiz egun Donostiako arraunlariak direnekin. Pixkanaka bilduko naiz denekin, tripak ongi ezagutzeko. Behin barrutik ondo ezagututa, lanean hasiko gara. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!