Suteak saihesteko, gauerditik aurrera hainbat murrizketa eta debeku izango dira indarrean

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 26a, 17:26

Tenperatura altuen, lehortearen eta espero diren haize bolada zakarren ondorioz, handia da sute arriskua. Horregatik, alerta egoera ezartzearekin batera, Jaurlaritzak zenbait jarduera debekatu ditu, barbakoak egitea eta material piroteknikoa erabiltzea, adibidez. Murrizketak gaur gauerditik aurrera egongo dira indarrean, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean eta Aiarako eskualdean (Araba). Rodrigo Gartzia Segurtasun sailburuordeak adierazi du isunak 1.500 eta 30.000 euro artekoak izan daitezkeela.

Bihar eta etzi termometroak 25 graduak gaindituko ditu Urola Kostan, eta 30 graduraino igoko dira Euskal Herriko zenbait tokitan, batez ere isurialde atlantikoan. Eta gauez ez du freskatuko. Adibidez, Orion eta Zarautzen gutxieneko tenperatura 24 gradukoa izango dela iragarri du Euskalmetek, eta Azpeitian eta Azkoitian 22-23 gradu egingo ditu gauez. Bero horri hego haize zakarra eta lehortea erantsiz gero, izugarri handitzen da sute arriskua; eta hain zuzen ere, horixe da datozen egunetarako espero dena.

Hori dela eta, baso suteak saihesteko helburuarekin, gaur gauerditik aurrera murrizketak eta debekuak ezartzeko agindu eman du Eusko Jaurlaritzak; zehazki, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eman du murrizketak eta debekuak aktibatzeko ebazpena. Murrizketa horiek Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean eta Aiarako eskualdean (Araba) ezarriko dira, eta indarrean egongo dira Euskalmetek ezarritako alerta laranja mantentzen den bitartean, Basoko Suteetarako Larrialdietako Plan Berezia aktibatuta dagoen bitartean eta Segurtasuneko sailburuordeak beste ebazpen bat ematen duen bitartean. Igandean izan liteke hori, baina egoera meteorologikoaren bilakaerak baldintzatuko du dena.

Horrenbestez, gaur gauerditik aurrera debekatuta egongo dira honako ekintza hauek:

  • Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak nekazaritza eta baso eremuetan erabiltzea.
  • Suak, petardoak eta pirotekniako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea. Debekua hiri lurzoruan ere ezarri da, eta zuhaitzak edo zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.
  • Bertan behera geratuko dira uztondoak, larre iraunkorrak, inausketako adarrak eta basoko hondarrak erretzeko emandako baimen guztiak.
  • Debekatuta egongo da erretzen ari diren objektuak edo sutea eragin dezakeen edozein eratako materialak botatzea edo abandonatzea.   

Murrizketak eta debekuak ez betetzea arau hauste larritzat edo oso larritzat jo daitekeela ohartarazi du Jaurlaritzak, eta isunak 1.501 eurotik 30.001 eurora artekoak izan daitezkeela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!