Gau Beltza ospatzeko dena prest dute Aian zein Orion

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 31a, 13:49

Aian 18:00etan ekingo diote ospakizunari. Plazan elkartuko dira, eta euria egingo balu, frontoian. Orion, berriz, 18:30ean plazara azaltzeko deia egin dute jaiaren antolatzaileek.

Ordu gutxi falta dira Gau Beltza ospatzen hasteko, eta dena prest dute Aian eta Orion.  Aian, 18:00etan hasiko dute jaia, eta ibilbide misteriotsua eta beldurrak erretzeko dantzaldia egingo dituzte. Jan-edanik ez da faltako;  guraso elkartea arduratuko da horretaz. Gainera, dagoeneko aurreratu arratsaldea sorpresa batekin bukatuko dutela. Eguraldi txarra egiten badu, frontoian egingo dute jaialdia.

Orion, berriz, 18:30ean ekingo diete gaurko prestatutako jarduerei. Txurrumuski aisialdi taldeak eta Orioko Herri Ikastolak elkarlanean tailerrak eta gaztaina jana antolatu dituzte. Txurrumuskik duela egun batzuk sare sozialen bidez jakinarazi zuenez, garai batean, Euskal Herrian, Gau Beltza ospatzeko ohitura zuten urriaren 31n, neguari ongietorria eman eta hildakoak gogoan izateko. "Erremolatxak, patatak eta kalabazak hustu eta barruan kandela bat jartzen zieten, sua babesteko haizetik zein euritik . Kandelak arimei etxerako bidea argitzeko jartzen zituzten, gaueko iluntasunean ikus zezaten". Ohitura zaharra berreskuratzeko, arratsaldean plazara azaltzeko dei egin diete Orioko haurrei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!