Ohitura osasuntsuak etxean ikasten dira

Libe Garmendia 2023ko ots. 19a, 09:00

Otsaileko KARKARA aldizkariko Osasuna atalerako, Libe Garmendia dietista nutrizionistak idatzitako artikulua da honakoa:

Haurraren bizitzako lehen bi urteak oso garrantzitsuak dira bere garapenarentzat, eta elikadura faktore inportantea izan ohi da prozesu horretan. Hori dela-eta, gaiaren inguruko hitzaldia eman nuen urtarrilaren 25ean, Maria Maestra Haurreskolako guraso elkarteak antolatuta, eta bertan haurtxoaren lehen urte horietako elikadura beharrak aztertu genituen. Argi izan behar dugu, enbrioiaren sorkuntzatik hasi eta umeak bi urte bete bitartean pasatzen diren mila egun horietan, geneen eta kanpo faktoreen arteko interakzio plastikoak haurraren garapen egoki bat baldintza dezakeela. Horregatik, garai horretan jarraitzen diren elikadura ohiturek arrastoa utz dezakete ADNaren sekuentziaren proteinen estrukturan, eta haurraren osasunean eragin dezakete epe motz zein luzera.    

Informazio asko dagoen garaian bizi gara, baina oraindik ere uste oker eta zalantza asko daude haurren elikaduraren inguruan. Arlo horretan, iritzi desberdinak plazaratzen dituzten adituak daude, eta gurasoek ez dute jakiten zer den egokiena. Azken hamarkadetan, esaterako, sei hilabetetik aurrerako haurtxoei elikadura osagarria emateko purea edo papila ematea gomendatu izan da. Gaur egun, ordea, baby-led weaning-ak edo haurrak gidatutako elikadura osagarriak onurak dakartzala ikusi da. Izan ere, haurrarentzat elikadura osagarriaren garaia aldaketa handiko garaia da.  Haurrari elikagai bigunak, bere eskuekin har ditzakeenak, eskaintzen dizkiogunean, bere kabuz elikagaiak ezagutu eta esperimentatzeko aukera ematen ari gara. Elikagai bakoitzaren testura, zapore eta kolore ezberdinak ezagutuz, eta haurraren gose eta asetasun seinaleak errespetatuz, elikagai horiekin harreman egoki bat izaten lagunduko diogu. Elikadura osagarriak, helburu nutrizional bat betetzeaz gain, heziketa helburua ere badu. Modu honetara, elikagai ezberdinak ezagutzen joateak, testura ezberdinetako elikagaiak probatu eta murtxikatzeak, haurrak urtebete duenean gainerako familiako kideek bezala jatea lagunduko dio. 

Azukreak haurraren elikaduran izan behar duen tartea ere zalantza sortzen duen gaia da. Ohituraz, haurrei azukredun elikagaiak emateko joera egon izan da, baina argi izan behar dugu umeek ez dituztela azukredun elikagaiak behar; behar duten azukrea zerealetatik, frutatik, esnetik edo lekaleak bezalako elikagaietatik lortzen dituztelako. Arazoa da haur txikienei zuzendutako azukredun produktu asko eta asko daudela merkatuan; papilak, gailetak, potitoak… Horiek haurrarentzako egokienak izango balira bezala saltzen dituzte. Horregatik, garrantzitsua da horrelako produktuen etiketak ongi irakurtzea. 

Elikadura ohiturak txiki-txikitatik barneratzen dira. Haurren hainbat otordu asko prozesatutako elikagairik gabe irudikatzea sarritan zaila egiten bada ere, gosari eta merienda osasungarri ugari presta daitezke. Etxeko elikadura ohiturak zein diren ebaluatu eta familiako kide guztiak ohitura osasuntsuen bidetik joateko garai polita da. Izan ere, asko prozesatutako elikagaiak etxean eduki eta haurrari horiek jatea debekatzea ez da komenigarria izaten. Azken finean, familiak izan behar du haurraren eredu, eta etxean elikadura ohitura osasuntsuak jarraitzen badira, haurra horiek ikasten joango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!