Oriotar eta aiar gazteak ere badabiltza III. Play-Eruak txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 16a, 09:48

Atzo arratsaldean hasi zen gaztetxoen hondartza futboleko lehia Zarauzko hondartzan, eta gaur 12:30 aldera arte iraungo du txapelketak.

Euripean, baina gaztetxoek gogotsu abiatu zuten atzo arratsaldean III. Play-Eruak hondartzako futbol txapelketa Zarauzko hondartzan. 2019an egin zuten lehiaketa aurrenekoz, eta pandemiagatik bi urtez jokatu gabe egon ondoren, iaz izan zen bigarren edizioa. Oraingoan, hirugarrengoan, inoizko parte hartzerik handiena lortu dute plaieroetako antolatzaileek, 59 taldek eman baitute izena; guztira, 576 gaztek jokatuko dute gaur eta bihar txapelketan. Horietatik 206 neskak dira, eta 366 mutilak.

Boluntariorik ere ez da faltako antolaketan; 30 lagun inguru ibiliko dira gaur, eta beste horrenbeste, biharko saioan.

DBH1etik 4. mailara arteko gazteak ari dira lehian, hiru kategoritan banatuta: nesken taldeak, mutilenak, eta mistoak. Hogei minutuko partidak dira, eta berdinketa dagoenean penalti bidez erabakiko dute irabazlea. Gaur 20:00ak aldera amaituko da lehia, eta bihar, 08:30etik 12:30era jokatuko da txapelketa.

Lau ikastetxetakoak elkartuta ere bai

Talde gehienak zarauztarrak diren arren, antolatzaileek azaldu dute Oriotik eta Getariatik ere apuntatu direla, "iaz baino dezentez gehiago".

Esaterako, aurreneko aldiz parte hartu duten neska talde bat Orioko Herri Ikastolakoek, eta Zarauzko La Sallekoek, Lizardikoek eta Salbatore Mitxelena Ikastolakoek osatutakoa zen. DBH1. mailakoak dira, eta futboletik ezagutzen dute elkar. "Jendea behar zuten taldea osatzeko, eta horrela elkartu gara", kontatu zioten atzo hedabide honi.

"Ilusioz" zeudela adierazi zuten, eta ahal bada, irabaztera aterako direla. Kirolariak dira denak: futbolean dabiltza batzuk, saskibaloian beste batzuk, baita eskubaloian nahiz balletean ere.

Janari bilketa solidarioa

Bestalde, aurreko bi aldietan bezala, oraingoan ere txapelketarekin batera janari bilketa solidarioa antolatu du Zarauzko hondartza futbol txapelketako antolakuntzak. Lehiatzen ari diren gaztetxoek eraman dituzte elkartasunez betetako poltsak –hori zen izena eman ahal izateko baldintza– , eta nahi duen herritar orok ere bere alea emateko aukera izango du bihar 12:30ak arte.

Bildutakoa Zarauzko Elikagai Bankuari emango diote. Batez ere olioa, azukrea eta sardina eta atun latak behar dituztela jakinarazi dute.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!