45+ Indartzen programak balorazio positiboa jaso du parte-hartzaileen aldetik

Intza Trula 2023ko eka. 6a, 12:00
45+ Indartzen programaren seigarren edizioko parte-hartzaileak (45+ Indartzen).

Prestakuntza-programak hamar parte-hartzaile izan ditu aurtengo edizioan eta guztiek modu positiboan baloratu dute ekimena.

Amaitu da 45+ Indartzen prestakuntza-programa, eta hau positiboki baloratu dute ekimenaren parte izan diren hamar herritarrek. 45+ Indartzen ekimena 45 urtetik gorako herritarrak lan-munduan sartzeko 40 orduko prestakuntza-programa da. Antolatzaileen hitzetan, "Urola Kostako Udal Elkarteak sustatuta, egitasmoaren helburua da parte-hartzaileak ahalduntzea, aldaketarako prestatuz, indartuz, etengabeko hobekuntzarako bidea zabalduz eta haien laneratzea erraztuko duen ikuspegi aldaketa eraginez". 

Hori horrela, seigarren edizioko hamar parte-hartzaileek 40 orduko prestakuntza eta banakako hiru coaching saio jaso dituzte "aurrez aipatutako aldaketa hori bultzatzeko eta laneratzeari begira hobekuntzarako bidea irekitzeko", antolatzaileek adierazi dutenez. Programa parte-hartzaileen ahalduntzea lortzera bideratuta egon da, eta coaching saioen bitartez, "parte-hartzaile bakoitzaren lan-helburua definitu da, bakoitzaren baliabide indibidualak eta izan ditzaketen oztopoak eta kargak identifikatuz, eta indarguneak zein ahulguneak kudeatzeko lan-orientaziorako hainbat tresna eskainiz eta ikuspegi berri bat praktikan jarriz". 

75 parte-hartzaile izan ditu ekimenak programari hasiera eman zitzaionetik, eta horien balorazio positiboa ikusita, Urola Kostako Udal Elkarteak ekimenarekin aurrera jarraitzeko jarrera erakutsi du. Horrenbestez, eta ekimen honi lotuta, EMA+ programa jarriko dute abian; emakumeak ahalduntzeko eta lan-munduan murgiltzeko diseinatutako ekimena. 

Programaren inguruko informazio gehiago jasotzeko Urola Kostako Udal Elkartea; Garapen Agentzia Enplegu sailarekin (Vanessa Garcia, Olaia Sainz) jar daiteke harremanetan; telefono bitartez (943-89 08 08)  edota lanpoltsa@urolakosta.eus helbidean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!