"Atzokoa errematea izan da txakolindegiontzat"

Onintza Lete Arrieta 2023ko eka. 21a, 12:30
Gañeta txakolindegiko familia. (Gañeta)

Atzoko kazkabarrak kalte ugari eragin ditu mahastietan, Gañeta txakolindegiko Enaitz Ostolazak hedabide honi azaldu dionez. Bestela ere uzta urte txarra izaten ari bazen, atzoko eta joan den igandeko erasoek handitu egin dituzte kalteak. Hilabete barru jakingo dute horiek zenbaterainokoak izan diren.

Uzta urte txarra izaten ari zen hau txakolindegientzat, aurten "eguraldi zaila" egiten ari delako mahastientzat. Atzoko kazkabarra, berriz, "errematea izan da txakolindegientzat". Argi esan du hori Gañeta txakolindegiko Enaitz Ostolazak. "Aberia eginda dago: momentu oso txarrean bota du kazkabarra, mahatsa jo eta zartatu duelako. Golfeko piloten tamainako harriak izan dira, eta gainera, haizearekin bota du, abiadura bizkortuz".

Zalantzarik ez du kaltea eginda dagoela, baina kalte zehatzak hilabete barru jakingo dituzte, "mahatsa gizentzen hasten denean". Atzoko erasoaren eraginez, mahatsa "oso zaurituta geldituko da, gaitzen aurrean defentsa gabe", eta usteldu egingo da.

Gañetakoek hiru tokitan dituzte mahastiak: Getariako Askizu auzoan, Zudugarain, eta Zarauzko Elkano auzoan. Atzoko kazkabarrak Askizukoei eragin zien bete-betean. "Zumaiatik sartu zen ekaitza eta bukaera hantxe izan zuen". Aurreko igandean, ordea, Zarautz eta Orio aldean bota zuen kazkabarra, eta beraz, beste mahastiak harrapatu zituen. "Inguruetako txakolindegi guztiak kaltetu ditu honek".

Ostolazak esan du atzokoa bezalako kazkabarrik ezagutu gabea zela bera. Kazkabarraren beldur baziren, "ez delako normala bi astez segidan trumoia izatea". Pentsatzen zuten kaltea eragin zezakeela, "baina ez genuen espero horrenbestekorik".

Laguntza, zaila

Zumaiako Udalak jakinarazi du herria hondamendi-gune izendatzea eskatuko duela, baina Ostolazak zalantzak ditu beraientzat laguntzarik izango ote den. "Ez dakit guri laguntzarik iritsiko zaigun, zaila delako kalkulatzea kaltea zenbaterainokoa den, guk ez ditugulako autoak ekoizten. Guretzat zaila da zehaztea zenbat ekoitziko genukeen, eta zenbat galduko dugun".

Aurreikuspena egin du, ordea, Ostolazak. Bere ustez, "ekoizpenaren %30 inguru galduko da".

Espero du hemendik aurrera eraso gehiago ez botatzea, "ahal den gehiena salbatzeko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!