Udako oporrak, atsedenerako abagune

Onintza Lete Arrieta 2023ko eka. 23a, 11:00
Bi haur, buruz behera, etxeko sofan jolasean. (Onintza Lete Arrieta)

Asteon amaitu dituzte ikasturteak eskualdeko milaka haur eta gaztetxok, udako oporrei hasiera emanez. Guraso askoren kezka izaten da udako oporretan umeen errutinak ez ote diren gehiegi erlaxatzen. Mireia Centeno psikologoarentzat, ordea, ez dago larritzeko arrazoirik. 

Ez dira konformatzen errazak gizakiak, eta, bereziki, ume baten aita edo ama diren gizakiak. Onena nahi dute seme-alabentzat, baina horrek buruhauste franko eragiten dizkie gurasoei, uda sasoian batez ere. Umeen oporraldia helduen lanarekin kontziliatu behar da, baina ez edozein modutara: umea ondo zainduta egotea nahi dute, baina aspertu gabe; eta pantailetatik urrun, eta probetxuzko zerbait egiten ahal bada; eta gurasoekin une bereziak bizitzen, baina errutina bat mantenduta, asko desmadratu gabe, alegia... Zerrenda nahi adina luza daiteke, eta etxe bakoitzeko edo heldu bakoitzeko era batekoa edo bestekoa izango da.

Adituengana joz gero, ordea, lasaitasun mezua jasoko dute gurasoek: bai, behintzat, Mireia Centeno haur eta nerabeen psikologo zumaiarrarekin hitz eginez gero. Zaindu beharreko puntu batzuk ikusten dituen arren, hark uste du uda sasoia batez ere "haurren atsedenerako beharrezko tartea" dela, eta horretan jarri behar dela fokua. Beste guztia bigarren mailakoa da.

Mireia Centeno: "Errutinek ez dute oso zehatzak izan behar, atseden hartzeko baitira oporrak"

Mireia Centeno, atzo Zumaian. (Intza Trula)

Centenok garrantzia kendu dio, esaterako, uda sasoian ere ikasturteko errutinak mantentzeari: "Errutinek batez ere balio dute umeek aurreikusteko egun edo hilabete horretan zer datorren. Denok behar izaten dugu gutxieneko egitura bat seguru sentitzeko. Umeek ere, jakin behar dute non bazkalduko duten, zeinekin, eta egunean zehar gutxi gorabehera zer egingo duten. Hortik aurrera, errutinen kontuak gehiago erantzuten die gurasoen antolaketa beharrei, haurren beharrei baino". 

Errutinen gaia atsedenarekin lotu du Centenok: "Batez ere oporretan, errutinek ez dute oso markatuak edo zehatzak izan behar, oporrak atseden hartzeko direlako. Hori da garrantzitsuena umeentzat: atsedena". Ikasturtea luzea izaten da, eta udako oporraldia behar-beharrezkoa dute umeek Centenoren ustez. Hala ere, dena ez da zuria edo beltza: "Haurra irakurtzen ikasten ari bada, beharbada komenigarria izango da liburuak eskura edukitzea. Baina ez genituzke gehiegi derrigortu behar irakurtzera horretarako gogorik ez badute, zailtasunik ez badute, edo eskolan ez badigute kontrakorik esan". Irakurtzeko modu asko daudela zehaztu du, gainera: "Abestien hitzak erabil daitezke, aldizkariak eta abar". 

Pantailen partez, film bat

Centenok beste ideia bat ere azpimarratu nahi izan du: atseden hartzea ez da goiz osoa pantaila baten aurrean pasatzea. "Atseden hartzea esaten dugunean, ez dugu esan nahi sofan botata egotea telebista ikusten, baizik eta deskonektatzea. Hor sartzen da jolastea, naturarekin harremantzea, gurasoekin gozatzea, lagunekin egotea...", azaldu du. 

Bi haur etxean jolasean. (Onintza Lete Arrieta)

Dena den, pantaila guztiak ez dira berdinak Centenoren ustez: "Gauza bat da film bat ikustea, demagun, siesta garaian, eta beste bat, bi orduz egotea pantaila interaktibo batekin; azken hori da bereziki saihestu beharrekoa", azaldu du. 

Mireia Centeno: "Gauza bat da film bat ikustea; bestea, pantaila interaktiboei so egotea bi orduz"



Psikologoaren ustez, ahal den neurrian, denbora gurasoekin pasatzea da aberasgarriena umeentzat, eta denbora hori "presiorik, ordutegirik eta eginkizunik gabekoa izatea". Ordutegiak aipatuta, eta salbuespenak salbuespen, Centenok uste du lotarako orduetan ere malgutasunez jokatzea ez dela txarra, batez ere familia oporretan dagoenean. Eta malgutasun bera aplikatuko luke jan kontuetan ere: "Astebetean egunero izozki bat jaten duela haurrak? Bada, familia bakoitzak izango du bere baremoa, baina ez dut uste astakeria denik". Oporrak amaitzean urak bere bidera jotzen duela uste du zumaiarrak.

Udako oporraldian umeak gurasoekin ahalik eta gehien egotearen aldekoa da Centeno, baina badaki askok lanean jarraitu beharra izango dutela. Halakoetan, ez dago soluzio bakarra familia eta egoera guztientzat: "Zer da hobea, umea udalekuetara bidaltzea ala aitona-amonekin egotea? Bada, ikusi beharko genuke aitona-amonek zer gaitasun duten umea estimulatzeko. Zaintzaile gazte eta aktiboa dutela umeek? Kasu horretan, beharbada aukera hobea da hori udalekuena baino. Egoera zehatz bakoitza ikusi behar da". 

Aipatutako bizpahiru puntuak zainduz gero –errutinena, pantailena eta estimulazioarena–, umeen udako oporrak kudeatzeak misterio gehiago ez du; erlaxa daitezke, beraz, gurasoak. Uxa errudun sentimenduak, kontzientziako kargak eta buruko minak, eta egin kit-kat bat umeekin batera. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!