Ion Arozena aurkeztuko du EH Bilduk UKUEko lehendakarigai

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko eka. 23a, 13:30
Eskualdeko EH Bilduko alkate eta bozeramaileak udal elkarteko EH Bilduko lehendakarigai Ion Arozenarekin. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Eskualdeko herrien arteko "oreka eta kohesioa bultzatzea" izango da EH Bilduren helburua udal elkartean, "denen artean erabakiak hartu eta horiek aurrera eramanez".

Maiatzaren 28ko hauteskundeetan EH Bildu izan zen alderdirik bozkatuena Urola Kostan, eta 33 zinegotzi izatetik 39 izatera pasako da agintaldi honetan, Urola Kostako Udal Elkartean gehiengo osoa lortuz. Hala, EH Bilduk jakinarazi du Ion Arozena aurkeztuko duela udal elkarteko lehendakari izateko hautagai. Legeak dio udalbatzak osatu ondoren 45 eguneko epean aukeratu behar dela udal elkarteko lehendakaria. Hala, abuztuaren hasiera baino lehen egingo da udal elkarteko batzarra, eta bertan beren hautagaiak aurkeztuko dituzte alderdiek.

EH Bilduk udal elkarteak jarraitu dituen hainbat dinamika aldatu nahi ditu datozen lau urteetan. "Badakigu askotan herritarrengandik urrun geratzen den erakundea dela udal elkartea, baina horrek ez dio garrantzia kentzen, herritarrei zuzenean eragiten dieten hainbat gaien kudeaketa bertatik bideratzen delako. Horregatik, ilusioz eta gogoz helduko diogu udal elkarteko gidaritzari, daukan garrantzia emanez", azaldu du Anuska Esnal Orioko alkateak gaur goizean udal elkartean Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako EH Bilduko alkate eta bozeramaileek egin duten prentsa agerraldian.

Ion Arozenak hartu du hitza ondoren, eta "eskerrak" eman dizkie Urola Kostako EH Bilduko zinegotziei udal elkarteko lehendakari kargurako berarengan pentsatzeagatik. "Bost herrik osatzen dugu Urola Kostako Udal Elkartea eta denon artean lankidetza ezinbestekoa da erakundeak funtzionatzea nahi badugu". Horregatik, eskualdeko herrien arteko "oreka eta kohesioa bultzatzea" izango da EH Bilduren helburuetako bat, "denen artean erabakiak hartu eta horiek aurrera eramanez", azaldu du

Bestalde, udal elkarteak dituen konpetentziak "indartu eta hobetu" nahi ditu EH Bilduk.

Garapen ekonomikoari dagokionez, ekintzaileak "babestu eta hauspotu" nahi dituzte, "herritarren eta lurraldearen beharrizanei" erantzungo dien jendarte eta garapen eredu bat sustatuz. Horretarako baliabideak eskainiko dizkiete enpresei: prestakuntza programak, laguntze programa espezifikoak proiektuetarako zuzeneko diru laguntzak.

Turismoa ere lan ildo inportantea da udal elkartearentzat, "eskualdeko motor ekonomiko garrantzitsua" baita. Hala Ion Arozenak azaldu du udal elkarteak "herriekin batera" egingo duela lan, "herri zein generoen arteko berdintasuna bultzatuz, turismo jasangarria sustatuz eta herrietako ohiturak, kultur ondarea eta euskara balioan jarriz". Turismoak eskualdeko herrian artean sortzen dituen "arrakalak orekatzeko politikak" ere bultzatuko ditu EH Bilduk gidatutako udal elkarteak, eta bisitariak urtean zehar modu ekitatibo batean banatzeko neurriak hartuko dituzte, herritarrak zein bisitariak "eroso" senti daitezen.

EH Bilduk uste du energia berriztagarrien aldeko apustua "nahitaezkoa" dela gaur egun. "Aldaketa klimatikoaren eragina murrizteko eta gizarte jasangarriranzko bidea hasteko auzokideen, administrazio publikoen eta enpresa txiki eta ertainen arteko lankidetza "ezinbestekoa" dela azaldu du Arozenak. "Helburua da tokian tokiko energia berriztagarri eta garbiak erabiltzea, eta hori lortzeko udalgintzaren eta komunitatearen arteko elkarlana bultzatuko dugu".

Zaborraren kudeaketa lan ildo garrantzitsua izango dela nabarmendu du EH Bilduk agerraldian. Arozenak azaldu du arlo horretan asko dagoela hobetzeko. 2015-2019 agintaldian adostu ziren gaikako bilketako helburuak ez dira bete. Hala, adostutakoa betetzea eta emaitzak betetzea izango da lehentasuna".

Bukatzeko, Arozenak nabarmendu du udal elkartea eskualde oso herritarrei egongo dela irekita, eta bertan izango direla herritarren "kezka, proposamen eta beharrak entzun eta erantzuteko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!