Hegaluzearen salmenta prezioa merkeagoa da iazkoaren aldean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko uzt. 20a, 09:21
Arrantzatutako hegaluzeak, artxibo irudian.

Harrapaketa "ondo" doala aitortu dute arrantzaleek. Kontserba industriek, ordea, oraindik iazko stocka dute biltegietan, eta horrek eragina izan du prezioan.

Ekainaren 14an abiatu zuten eskualdeko itsasontziek hegaluzearen kanpaina, eta orain arte kuotaren %37 arrantzatu dutela azaldu du Orioko Arrantzaleen Kofradiako presidente Jon Mujikak. "Harrapaketari dagokionez, ondo doa kostera, eta etxetik hamabost ordu ingurura arrantzatzen ari dira hegaluzea: Kantauri itsasoan, Bordele (Frantzia) eta Gijon (Espainia) artean, hain zuzen ere".

Harrapaketa "ona" izaten ari bada ere, arrainaren prezioa "jaitsi" egin dela aitortu du Mujikak. Gipuzkoako Kofradien presidente Eugenio Elduaienek pasa den astean azaldu zuenez, "iaz baino %30 merkeago saltzen ari dira hegaluze kiloa". Bat dator Mujika ere: "Aurreko urtean baino ia euro bat gutxiagoan saltzen ari gara. Kontserba industriak dio iazko stocka oraindik biltegietan duela, olioaren prezioaren igoera dela eta, saldu ezinik dabiltzalako". Horrek zuzenean eragiten die eskualdeko arrantzaleei, harrapatzen dutenaren %80 kontserbetarako saltzen dutelako. "Horien menpe gaude. Arrantza ona izan daiteke, baina lehorreko beste hainbat faktorek ere eragin zuzena dute", zehaztu du Mujikak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!