Ion Arozena izango da Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari berria

Aritz Mutiozabal 2023ko uzt. 27a, 10:00
Ion Arozena eta Anuska Esnal. (EH Bildu)

Bi agintaldi geroago, EH Bilduren esku egongo da elkartearen gidaritza. Orioko alkate Anuska Esnal izango da lehendakariordea.

Atzo arratsaldean egin zuten Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) hauteskundeen eta tokian tokiko gobernu eraketen ondorengo lehen batzarra, datozen lau urteetarako lehendakaria eta lehendakariordea aukeratzeko. Azken bi agintaldietan EAJren esku egon bada, orain EH Bilduren gidaritzapean egongo da elkartea, eta Zarauzko EH Bilduko zinegotzi Ion Arozena izango da lehendakaria eta Orioko alkate Anuska Esnal lehendakariorde.

Arozenaz gain, orain artean UKUEko lehendakari izan den Lourdes Salsamendi ere aurkeztu zen kargurako EAJren aldetik. Bozketan, ordea, koalizio subiranistaren 36 boto jaso zituen Arozenaren eta Esnalen hautagaitzak. Salsamendik, berriz, EAJren eta PSE-EEren 30 jaso zituen.

Lehendakari berriak eskerrak eman zizkien eskualdeko herritarrei, eta bost udalerrietako "indarrak eta baliabideak batuz, hainbat zerbitzu hobetzeko" helburuarekin lan egingo duela esan zuen. “Herri guztiak maila berean daude eta hala tratatuko ditugu datozen lau urteetan. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu baina denak batzen edo josten dituen gai amankomunak herrien arteko saretzea indartzeko erabiliko ditugu”, nabarmendu zuen Arozenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!