Udako lau tailer teknologiko antolatu ditu UKUEk haurrentzat

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 5a, 09:00
Urola Kostako Udal Elkarteko Open Lab gunea. (UKUE)

Irailaren 4tik 7ra Urola Kostako Udal Elkartearen OpenLab gunean egingo dituzte honako tailerrak: Negutegia, Negutegiaren automatizazioa, Baratze birtuala eta Negutegia eta lorategi botanikoa

Urola Kostako Udal Elkarteak haurrei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu irailaren 4tik 7ra bitartean OpenLab gunean, teknologiaren eta errealitate areagotuaren mundua modu dibertigarri eta ludikoan lantzeko. Jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa ardatz izango dituzte ikastaroek eta 8-14 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzenduta egongo dira.

Ikastaroak doakoak izango dira eta izena eman daiteke abuztuaren 28ra bitartean, honako lotura honetan. Ikastaro bakoitzean gutxienez zortzi laguneko taldea osatu beharko dela zehaztu dute UKUEtik, eta kopuru horretara iristen ez bada ez da ikastaroa egingo.

Hona hemen ikastaroen inguruko informazioa:

Negutegia, irailaren 4an eta 5ean.
Ikastaro honetan parte-hartzaileek negutegiak muntatzen, lurra eta haziak aukeratzen eta landareen antolamendua diseinatzen ikasiko dute. Gainera, teknologia aurreratuaren erabileran murgilduko dira eskuzko argiztapen, aireztapen eta ureztatze sistema txertatuz eta horiek Holocode mikroordenagailuen bidez automatizatuz.

Negutegiaren automatizazioa, irailaren 5ean eta 6an
Negutegi automatiko bat diseinatu eta optimizatuko dute erabiliz motor-kontrolagailuak, serbokontroladoreak, LED matrizea, irristagailua, LED kontrolagailua, sentsore ultrasonikoa, tenperatura-sentsorea, hezetasun-sentsorea.

Baratze Birtuala, irailaren 7an
Baratzen birtualaren proiektua garatuko dute errealitate areagotuaren tailer honetan. Parte-hartzaileek eszena-birtualak, elementuak eta atmosferak diseinatzeko, eraikuntzak eta objektuak 3Dn modelatzeko, eta efektuak, argiak, soinuak eta trantsizioak txertatzeko aukera izango dute. Blokekako eta kodeko programazioa landuko dute.

Negutegia eta lorategi botanikoa errealitate areagotuarekin, irailaren 7an
Negutegiaren teknologia lorategi botanikoaren munduarekin konbinatuko dute errealitate areagotuaren proiektu batean, landareen hazkundea optimizatzeko eta baliabideen aurrezpena sustatzeko.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!