Haurrentzako tailer teknologikoetan izena emateko azken egunak dira

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 21a, 08:00
Urola Kostako Udal Elkarteko Open Lab gunea. (UKUE)

Irailaren 4tik 7ra Urola Kostako Udal Elkartearen OpenLab gunean honako lau tailer hauek eskainiko dituzte: Negutegia; Negutegiaren automatizazioa; Baratze birtuala; eta Negutegia eta lorategi botanikoa.

Urola Kostako Udal Elkarteak haurrei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu irailaren 4tik 7ra bitartean OpenLab gunean, teknologiaren eta errealitate areagotuaren mundua modu dibertigarri eta ludikoan lantzeko. Jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa ardatz izango dituzte ikastaroek, eta 8-14 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzenduta egongo dira.

Ikastaroak doakoak izango dira, eta izena emateko azken egunak dira hauek; izan ere, abuztuaren 28an amaituko da epea. Izena honako lotura honetan eman daiteke. Ikastaro bakoitzean gutxienez zortzi laguneko taldea osatu beharko dela zehaztu du UKUEk, eta kopuru horretara iristen ez bada, ez dela ikastarorik egingo.

Hona hemen ikastaroen inguruko informazioa:

Negutegia, irailaren 4an eta 5ean:


Ikastaro honetan parte-hartzaileek negutegiak muntatzen, lurra eta haziak aukeratzen eta landareen antolamendua diseinatzen ikasiko dute. Gainera, teknologia aurreratuaren erabileran murgilduko dira eskuzko argiztapen, aireztapen eta ureztatze sistema txertatuz eta horiek Holocode mikroordenagailuen bidez automatizatuz.

Negutegiaren automatizazioa, irailaren 5ean eta 6an:


Negutegi automatiko bat diseinatu eta optimizatuko dute erabiliz motor-kontrolagailuak, serbokontroladoreak, LED matrizea, irristagailua, LED kontrolagailua, sentsore ultrasonikoa, tenperatura-sentsorea, hezetasun-sentsorea.

Baratze Birtuala, irailaren 7an:


Baratzen birtualaren proiektua garatuko dute errealitate areagotuaren tailer honetan. Parte-hartzaileek eszena-birtualak, elementuak eta atmosferak diseinatzeko, eraikuntzak eta objektuak 3Dn modelatzeko, eta efektuak, argiak, soinuak eta trantsizioak txertatzeko aukera izango dute. Blokekako eta kodeko programazioa landuko dute.

Negutegia eta lorategi botanikoa errealitate areagotuarekin, irailaren 7an:


Negutegiaren teknologia lorategi botanikoaren munduarekin konbinatuko dute errealitate areagotuaren proiektu batean, landareen hazkundea optimizatzeko eta baliabideen aurrezpena sustatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!