Dokumentu bat etorkizunerako

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2023ko ira. 21a, 16:30

UKTk eta Getariako Udalak ‘Getariarren bira’ dokumentalean jaso dute iazko Elkanoren lehorreratzerako herrian egindako parte hartze prozesua. Horretaz aritu dira hedabide honekin Julen Imaz dokumentalaren zuzendaria eta Haritz Alberdi alkatea.

"Iazko lehorreratzearen atzetik lanketa handia dago; buruko min, ekarpen eta bizipoz pila bat. Antolatutako prozesu bat dago atzean, guretzat hori da garrantzitsuena, eta hori jendeak modu bisual eta biziaren bitartez jasotzea nahi genuen. Dokumentala, niretzat, horren ispilu da". Haritz Alberdi Getariako alkateak hala azaldu du UKT Urolako Komunikazio Taldeak ekoitzi berri duen Getariarren bira dokumentalaren helburua. Udalarekin elkarlanean egin da ikus-entzunezkoa, eta Elkano Fundazioaren laguntzarekin.
 
Alkatearen ildo beretik mintzatu da Julen Imaz UKTko ikus-entzunezkoen zerbitzuen arduraduna. Hark zuzendu du dokumentala. "Etorkizunean getariarrek dokumental hau ikusten dutenean, nahiko nuke herritarrak ohartzea zer lan egin zuten hiru urtez herrian [parte hartze prozesuan] eta dokumentala garai konkretu horren testigantza modukoa izatea. Horretarako balio badu, ni pozik". 

Julen Imaz dokumentalaren zuzendaria (Gorka Eizagirre).


Iazko Elkanoren lehorreratzea antzezlana prestatzeko hiru urtez udalak herritarrekin egin duen lanketaz "gauza batzuk bazeuden idatziz jasota", baina ikus-entzunezkoan ere jaso nahi zuten prozesua. Alberdiren iritziz, "etorkizunari erantzuten dio dokumentalak". 


Izenaren jabe


Imazentzat, dokumentalak ezin zuen beste izen bat eduki: "Dokumentalak kontatzen du azken urteetan getariarrek bizi izan duten prozesua, bai Elkanorengana gerturatzeko, hura gehiago ezagutzeko, Elkanoz hausnartzeko... Haren balentriari buruz eta lehorreratzeari buruz hausnarketa egin dute; herritarren ikuspegia eta pentsamoldea aldatu egin dira horrekiko. Horregatik jarri diogu Getariarren bira izena, horri egiten dio erreferentzia, getariarrek ere egin dutelako aldaketa edo bira, Elkanok bezala".

"Beldurrarekin eta errespetuarekin ekin genion parte hartze prozesuari, baina argi genuen momentua zela, herriaren heldutasuna nahikoa zela beste modu batera eusteko garai berri hauei", oroitu du Alberdik. Hiru urteren ondoren, iritsi zen 2022ko irailaren 6a, eta horrekin batera, antzezlana egiten hasi zireneko mendeurrena. "Antzezlanean aldaketa nabarmenak sartu ditugu, eta saiatu gara herritarrak eta herriko eragileak ere parte izan zitezen lehorreratze honetan. Begi bistakoa da aldaketa guztiak ez direla jaso iazko lehorreratzean. Datozen belaunaldiek erabaki beharko dute nondik jo", iritzi dio Alberdik. Eta ideia horretan sakondu nahi izan du: "Gai honen etorkizuna herriak berak, belaunaldi berriek, erabakiko dute. Guk dinamika bat jarri genuen martxan, parte hartzearena. Hurrengo lehorreratzea iristen denean, berriro dena berrartu beharko da; hartutako erabakiak berriro mahai gainean jarri, hurrengo urratsak birplanteatu, eta orduko herritarrek eta belaunaldi berriek hala nahiko balute, urratsak egiten segi. Zertarako? Lehorreratzeak bizirik irauteko eta ahalik eta gizarte justuena lortzeko". 


Haritz Alberdi Getariako alkatea. (Onintza Lete Arrieta)

Prozesuaren arantzez ere mintzatu da alkatea: "Gure helburuetako bat desberdin pentsatzen dutenen arteko elkarrizketa sustatzea izan da, elkarrizketa horretatik ondorio komun batzuk ateratzen saiatzeko, elkarbizitzari begira, herri ikuspegitik, aurrera egiten jarraitzeko. Eta ezin izan da egin. Askotan esan dut hori dela niretzat arantza handiena".

Dokumentalari dagokionez, ordea, baikorragoa da Imaz: "Iritzi kontrajarri dezente dago gai honekin lotuta, eta saiatu gara aniztasuna bilatzen dokumentalean. Esango nuke lortu dugula. Segur aski egongo da bateren bat esango duena falta dela erpin gehiago edo alde bateko iritzi gehiago... Baina saiatu gara, eta nolabait, lortu dugu oreka bat".


Mugimenduak posible dira


21 pertsona elkarrizketatu dituzte Imazek eta UKTko lantaldeak dokumentalerako, eta zuzendariak uste du Getarian egindako prozesuak eman dituela bere fruituak: "Uste dut dokumental honetatik atera daitekeen ondorio nagusienetako bat dela ari dela zerbait mugitzen getariarren artean; badagoela aldaketa bat, bai Elkanorengana gerturatzeko moduan, bai lehorreratzea begiratzeko moduan. Uste dut prozesu zaila izan dela eta horretan asko lagundu duela egin den parte hartze prozesuak. Baina ari dira gauzak mugitzen, eta etorkizuneko lehorreratzea izango da prozesu honen guztiaren ondorioa". 

Alberdik, berriz, Getariatik altxatu du begirada: "Gustatuko litzaiguke beste herriek, elkarteek... ulertzea posible dela horrelako gai korapilatsuak mahai gainean jarri eta aurrera egitea".

UKTk eta Getariako Udalak igandean 19:00etan estreinatuko dute ikus-entzunezkoa Iturzaeta aretoan, eta herritar guztiak daude gonbidatuta ekitaldira. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!