Bete-betean Gau Beltzean murgildu dira Aian

Andrea Zipitria 2023ko urr. 31a, 20:30

Gau Beltza ospatu dute gaur arratsaldean Aian. Plazan bildu dira eta trikiti doinuek lagunduta, ibilbide misteriotsua egin dute herriko kaleetan zehar. Haurrek paperean idatzi dituzte beldur guztiak, eta kalejira amaitzerakoan, frontoian erre dituzte guztiak. Sabela betetzeko aukera ere izan da, eta arimen gaua, sorpresa batekin bukatu dute.

Aiako Guraso Elkarteak antolatuta, arimen gaua ospatu dute Aian. Plazan hasi da ospakizuna. Bertan elkartu dira haur zein guraso 18:00etan. Era guztietako mozorroak ikusi dira, beldurgarriak guztiak ere. Segituan, eguna iluntzen joan da eta abiatu dira herriko kaleetan zehar ibilbide misteriotsua egitera.

Beldurrari aurre egiteko balio izan dute trikiti doinuek; kalejiran ibili dira herritarrak. Lau geldialdi egin dituzte herrian zehar: Iturri kalean, plazan, Etxetxon eta hilerriaren kanpoaldean, hurrenez hurren. Haur bakoitzak geldialdi bakoitzean beldurrak paper batean idazteko aukera izan du, eta ordainetan gozokiak jaso dituzte. Esku bete gozoki, frontoira iritsi dira soinu eta pandero doinuekin. Bertan, sutan erre dituzte paperean idatzitako beldur guztiak. Dantzak eta txalapartak ere lekua hartu dute. Ondoren iritsi da tripak betetzeko unea, talo-jana izan baita.

Gau Beltza bukatzeko, sorpresa galanta izan dute herriko haurrek. Frontoian atzealdean joku misteriotsu bat antolatu dute, eta han ibili dira korrika eta garrasika beldurrari aurre eginez.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!