Eskualdeko prezipitazioen, urtegien eta tenperaturen grafikoak

Erredakzioa 2023ko aza. 22a, 08:05

Hedabide honek azken hogei urteetako tenperaturen eta prezipitazioen datuak eskuratu ditu, baita Ibai Eder urtegiaren datuak ere, eta hortik abiatuta, hainbat grafiko osatu ditu. Uraren kudeaketan jarri du fokua. Grafikoak eta horien atzean dauden datuen lanketa Tokikomeko hedabideekin elkarlanean egin da.

Paseoan dabiltzan zakurra eta haren jabea bezalakoak direla diote klima eta eguraldia. Sokari lotutako zakurra aurrera eta atzera dabil, itzulinguruka, joan-etorrian; jabea, berriz, norabide zehatzago batean. Eguraldia da zakurra, eta klima, jabea.

Urola Kostan lau estazio metereologiko daude: bana Aizarnazabalen eta Ibai-Ederren (Azpeitia), eta bina Zarautzen (Iñurritza eta Zarautz). Horietan prezipitazioei eta tenperaturari buruzko datuak jasotzen dituzte; hedabide honek azken hogei urteetako datuak eskuratu ditu –lehenagokoak ez daudelako–, baina zakurraren eta haren jabearen adibideak balio du kasu honetarako ere: zenbat eta urte gehiagoko datuak izan, orduan eta gehiago gerturatuko dira klima bat eta haren aldaketak deskribatzera. Urte gutxiko datuekin, berriz, eguraldiaz hitz egin beharko litzateke.

Hortaz, ondoko grafikoek azken urteetako argazkia egiteko balio dute, baita zenbait konparaketa egiteko ere estazioen artean, izan eskualdean, izan Gipuzkoan; ez, ordea, klima aldaketari lotutako ondorioak ateratzeko.

Zarauzko eta Ibai Ederreko datuak parez pare

Prezipitazioen eta tenperaturen grafikoetan aldera daitezke Ibai Ederreko eta Zarauzko estazio metereologikoetan jasotako datuak. Prezipitazioen grafikoetan, urteen arteko konparaketak egitea ere badago, gainera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!