A30 greba feminista orokorra

Zaintzarako eskubidea aldarrikatzeko, grebarako deia

Erredakzioa 2023ko aza. 29a, 12:14

Biharko grebarako deia eginez kartel bat Azpeitian. (Maialen Etxaniz)

Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzeko lanuztera deitu du bihar Euskal Herriko Mugimendu Feministak; Itaiak ere deitu du bihar planto egitera.

"Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde", greba feminista orokorrerako deia egin du biharko Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatuko dute, "egungo zaintza eredua guztiz pribatizatu dutelako". Horren ondorioz, "milaka eta milaka emakume baldintza onartezinetan" lanean ari direla salatu dute. Horregatik, ezinbesteko jo dute "bizitzaren zaintzaren egungo ordenamendu soziala eraldatzea". Bihar planto eginda, zera aldarrikatuko dute: "Pertsona guztiek bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko duten eskubidea".

Biharko Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako mobilizazio deiarekin herriz herri hainbat eragilek eta enpresetako langile ordezkarik edota enpresa batzordek egin dute bat.

Era berean, Itaiak bat egingo du biharko deitutako lanuztearekin, baina bere aldarri propioak plazaratuko ditu. Hain zuzen ere, Kalitatezko bizi eta lan baldintza berdinak guztiontzat lelo hartuta mobilizatuko da Itaia bihar.

Itaiaren esanetan, "egunetik egunera emakume langileen bizi baldintzak okertzen ari dira: indarkeria matxistaren gorakada, egiturazko langabezia, soldata baxuak, zaintza arloa…", jarri dituzte adibidetzat Itaiako kideek. Zaintza arloari dagokionez, "emakume langileek soldata baxuak, kontratu ezegonkorrak eta ratio altuak" dituztela ere gaineratu dute. Horrez gainera, "zaintzaren merkantilizazioa" salatu dute.

Aldarrikapen ekintzak

Azaroaren 30eko greba feministarekin bat egin dute Urola Kosta osoko eragile feministek, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzeko. Hala, tokian tokiko greba batzordeek hainbat jarduera antolatu dituzte biharko, eta arratsaldean Urola Kostako manifestaziora deitu dute Zumaiara; 18:00etan, abiatuko da Beheko plazatik.

EGITARAUA

Orio
09:00. Piketeak eta txokolatada.
Ondoren, erronda informatiboa herriko komertzioetatik.
12:00. Manifestazioa, plazatik abiatuta.
14:00. Bazkaria, Balean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!