Zaintzaren inguruko sentsibilizazio jardunaldiak antolatu ditu udal elkarteak

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 10a, 11:00

Abenduaren 18an eta 19an egingo dira Zarautzen eta izen ematea, doakoa, zabalik dago jada.

Zaintzare inguruko bi jardunaldi antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE). Abenduaren 18an eta 19an egingo dira Zarautzen, Oteitza Lizeo Politeknikoan, eta izen ematea jada zabalik dago.

Antolatzaileek adierazi dutenez, jardunaldi hauen helburua da kontzientzia etikoa sustatzea, "parte-hartzaileei pertsonen zaintzak duen garrantzia ulertaraztea eta eguneroko lanean erabaki etikoak hartzearen garrantzia ikustaraztea: familia zein zaintzaileen arteko mugak, harremanak, laneko ohiturak, tratua… Dinamika eta adibide praktiko bidez, dependentzia duten pertsonekiko enpatia landuko da, beharrak, ardurak edota desioak errekonozituz".

Abenduaren 18ko jardunaldia zaintza sektorean lan egiten duten edo egin nahi duten herritarrei zuzenduta egongo da; 19koa, aldiz, dependentzia egoeran dauden pertsonen familiei zuzenduriko jardunaldia izango da. Biak ere 16:00etatik 18:30era bitartean emango dira.

Interesdunek aurrez izena eman beharko dute UKUEren 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta, edo lanpoltsa@urolakosta.eus posta elektronikoko helbidera idatzita. Jardunaldiak doan dira.