Bihar grebara deituta daude sektore publikoko langileak

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 18a, 10:25
Lurraldebuseko autobus bat.

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek egin dute deialdia. Besteak beste, datorren urterako soldatak %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8ra jaistea aldarrikatzen dute. Hala, biharko greba egunak zerbitzu murrizketak eragingo ditu hezkuntza publikoan, osasun etxeetan, udal zerbitzuetan eta garraio publikoan.

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek bihar grebara deitu dituzte sektore publikoko langileak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 150.000 langilek egiten dute lan arlo publikoan hiru lurralde horietan. Hala, bihar ohiko zerbitzuak baino murritzagoak aurreikusten dira hezkuntza publikoan, osasun etxeetan, udal zerbitzuetan nahiz garraio publikoan.

Eskualdean, Zestoako Udalak dagoeneko jakinarazi du udal langile guztiek greba egingo dutela, eta gutxieneko zerbitzuak ere zehaztu dituzte. Aizarnazabalen, aldiz, udal zerbitzuetan grebarik ez dela izango baieztatu du udalak.

Sindikatu deitzaileek urriaren 25ean ere deitu zuten grebara, eta biharkoa bigarren protesta eguna izango da. Langileen ordezkarientzat, zerbitzu publikoek "okerrera" egin dute azken urteotan, eta horrek "eragin zuzena" izan du herritarrei eskainitako arretan. Sindikatuen aldarrikapenen artean daude soldatak %10 igotzea datorren urterako, eta langileen behin-behinekotasuna %8ra jaistea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!