Haurrentzako benetako oparia

Ainara Alberdi 2023ko abe. 23a, 09:00
Gabonetako opariak (pixabay)

Gabon giroan murgilduta daude egunotan Aian eta Orion, eta opari zaparrada iritsiko da egunotan etxe askotara. Hala, Ainara Alberdi psikologo aiarrak oparien benetako esanahiaren gaineko iritzi artikulua idatzi zuen abenduko aldizkarian. Orain irakurgai da sarean.

Gabonak badatoz, eta horrekin batera, baita Olentzero edota Erregeak ere. Haur, gazte zein helduak ilusioz hasten gara aurretik jaso nahiko genituzkeen oparietan pentsatzen. Zer dute berezia, ordea, opariek, horrelako garrantzia izateko? Zenbait ezaugarri dituzte, hala nola, sorpresa, berritasuna, desira, ospakizuna… baina, bereziki, maitasunaren adierazpen dira. Norbaitek opari bat egiten digunean, bereziak sentitzen gara, maitatuak, kontuan hartuak… eta nork ez du hori jaso nahi? Gehienetan arreta jasotzen den gauza materialari jartzen bazaio ere, duen zama emozionala ere benetan garrantzitsua da; baina, zenbateraino jabetzen gara horretaz?

Hain zuzen ere, gaur egun gizarteak gai honen inguruan duen kezka da gazte eta haurrek gauza materialei ematen dieten balio eskasa. Hau da, gero eta opari gehiago jasotzen dituzte haurrek, gero eta gehiago eskatzen dute, gero eta gauza garestiagoak, baina, aldi berean, gero eta azkarrago aspertzen dira horietaz eta gero eta balio txikiagoa ematen diete bai objektu materialari berari, bai duen esanahi emozionalari, baita opari hori jasotzeko gurasoek, familiak edo Olentzerok egin behar izan duen esfortzuari ere.

Alderdi materialean jartzen badugu arreta, gizarte kapitalista edota materialista honetan eskariak inoiz ez du mugarik izango, ez baita gure gosea inoiz asetzen eta gizarteak berak behar faltsu hau izatera bultzatzen baikaitu, etengabe produktu berriak merkaturatuz eta horrela etengabeko erosketara bultzatuz. Badirudi arrakastak ahalik eta gauza gehien eta ahalik eta garestienak izatearekin duela zerikusia. 

Baina, ohartzerako, heldu zein gazteak tranpa horretan erori gara, eta helduak itsutzen bagara, ezin diegu gure gazteei bide egokia zein den irakatsi. Hori horrela bada, benetan beteko ez gaituen bizitza bat bizitzera kondenatuta gaude, ase ezina den material-goseari loturik, benetan betetzen gaituena horien balio emozionala baita.

Jo dezagun opariaren benetako zentzura, helburura, ez gaitzatela itsutu: opariaren benetako zentzua eta helburua da maite ditugun pertsonei gure maitasuna adieraztea; beraien ondoan egoteak ematen digun zoriontasuna opari baten bidez adieraztea; egun bereziak elkarrekin ospatzea, eta denen aurpegian irribarrea eta ilusioa islatzea. Beraz, zein da opari kopuru egokia? Eroso sentitzen garena. Nola egin haurrek opariak benetan baloratu ditzaten eta beraiek horiek jasotzeko gurasoek egin behar duten esfortzuaz jabetu daitezen? Mugak jarriz, gauzak lortzeko esfortzua egin behar dela adieraziz eta, beraiei ahalegina egitea tokatzen zaienean, ahalegintzen utziz. Azken finean, gauzak lortzea zenbat kostatzen den ikasteko modu eraginkorrena da erronkei beraien kabuz aurre egiten uztea. Gurasoentzat zaila da seme-alabak momentu txarrak pasatzen ikustea, baina horietatik salbatzeak ez die laguntzen bizitzarako prestatzen. Beraien ondoan egotean dago gakoa, baina egunerokotasuneko erronketatik salbatu gabe, hauek gainditzeko euskarria izanez eta estrategiak eskainiz. Haurrak inolako esfortzurik egin gabe bizitzen badira, ezingo dute besteen esfortzua ere ulertu. Opari kopurua baino garrantzitsuagoa da gure seme-alabei opariak benetan duen esanahi emozionala adieraztea, horrek baitu benetako balioa, eta horrek erakutsiko die zerk betetzen gaituen. Bizi ditzagun Gabonak maite ditugunei maitasuna adierazteko eta maitasuna oparitzeko festa gisa eta ez objektu materialen trukean oinarritutako giro hotzean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!