Eskualdeko langabeak kontratatzeko dirulaguntzak emango ditu UKUEk

Andrea Zipitria 2024ko urt. 9a, 10:30

224.905 euro bideratuko ditu UKUEk laguntza hauetara. Urtarrilaren 31era arte luzatuko da eskaerak aurkezteko epea.

Urola Kostako Udal Elkarteak dirulaguntzak emango dizkie eskualdeko enpresei langabezian dauden pertsonak kontrata ditzaten. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatuta, guztira 224.905 euro bideratuko ditu udal elkarteak horretara.

UKUEk ohar bidez adierazi duenez, dirulaguntza deialdiak helburu bikoitza du: "enpresei langileak kontratatzeko gastuei aurre egiten laguntzea", batetik eta "enplegu-politika aktiboak indartzea", bestetik, eskualdeko langabeen kontratazioa errazteko.

Dirulaguntza deialdian, lehentasuna izango dute emakumeak kontratatzen dituzten eskabideek, izan ere, gutxienez 17 dirulaguntza gordeko baitira emakumeak kontratatzen dituzten eskabideentzat.

Eskaerak egiteko epea urtarrilaren 31era arte luzatuko da, eta Udal Elkartearen egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira. Deialdiaren inguruko informazioa eta oinarrien xehetasun guztiak, berriz, hemen daude eskuragarri.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!