30 urte herriko imajinarioa sortzen eta zabaltzen

Jabier Zabaleta 2024ko urt. 27a, 09:00
2023ko Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sari banaketa. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Eukaraz Gazte Literatur lehiaketak 30 urte bete ditu aurten, eta urteurrenaren harira iritzi artikulua idazteko eskatu zion Karkarak Orioko Udaleko euskara teknikari eta Karkara aldizkariaren sortzaile Jabier Zabaletari. Urtarrileko aldizkarian argitaratu zen artikulua eta orain irakurgai da sarean. 

Herriko literatur lehiaketak Karkara sortu berrian eman zuen lehen pausoa: 1990eko apirilean, orduan aldizkaria egiten genuenok KARKARA literatur lehiaketa antolatu genuen, herritarrei aukera emateko "mesanotxeko kajoian gordeta dituzten paper horixkatu horiek" argitaratzeko eta "idaztearen ofizioan trebatu" nahi zutenek "horretarako probalekua izateko".

Handik urte gutxitara, 1994an, Itziar Olariaga buru zuen udaleko Euskara batzordeak hartu zuen lehiaketaren ardura eta, hasierako helburuei eutsita, lehenbizikoz antolatu zuen Euskaraz Gazte literatur lehiaketa, izen bereko kanpainaren barruan. Geroztik, etenik gabe egin da lehiaketa, urtez urte, eta 30. edizioa bete du aurten, osasuntsu eta sendo.

Lehenbiziko urteetan, gazteei zuzendutako kanpaina baten barruko ekimena zenez, adin muga bat zegoen parte hartzeko: 29 urte artekoak jotzen genituen "gazte", eta haiek zuten lanak aurkezteko aukera. Gero, ordea, kanpaina hura itzali zen, baina udalak erabaki zuen merezi zuela lehiaketarekin segitzea eta, nahiz eta izenari eutsi, adin guztietakoei zabaldu genien parte hartzeko aukera. Gaur egun, badira 60 urteko langa ondo pasata izan arren Euskaraz Gazte lehiaketan saria irabazten dutenak, and I think it´s beautiful :-)

Hogeita hamar urte hauetan, herriko sortzaileen lan asko saritu eta argitaratu ditugu (ipuinak, bertsoak, olerkiak, sailkapen zaileko testuak…), eta ez dauzkat ahazteko sariak banatzeko ekitaldietan bizi izandako momentu bereziak: idazleen urduritasunak, barreak, negarrak, Ibon Arrizabalaga lagunak ekitaldietan muntatzen zizkigun performance-ak, askotariko anekdotak…

Literaturak badu zerbait magikoa. Beste baten testua irakurtzen dugunean, haren buruan sartzen gara, eta haren begietatik ikusten dugu kontakizuna gure buruko pantailan. Horrela, haren begiratuak, haren ikuskerak, gurea osatu eta aberasten du. Errealitateari begiratzeko beste modu batzuk ere badaudela ikasten dugu eta, horrela, gure mundutxoa zabaltzen dugu; bestela inoiz bazkatuko ez ginatekeen larreetara eramaten gaitu testuak, letren gainean zamalka. Fikzioak hobeto bizitzen laguntzen digu. Izan ere, zer litzateke bizitza literaturaren ukendurik gabe?

Euskaraz Gazte literatur lehiaketa, hogeita hamar urteko ibilbidean, ezinbesteko tresna bihurtu da planetaren txoko honetako fikzioak sortzeko eta gure imajinarioa eratu, aberastu eta zabaltzeko. Esate baterako, hilabete gutxi batzuk besterik ez dira pasatu mugimendu feministak Orion banku morea eta liburuen etxola jarri zituenetik Lourdes Del Hoyo herritarra hil zuten tokian, eta dagoeneko sinbolo bihurtu dira: feminismo antolatua eta literatura lotzen dituen sinbolo indartsu eta ederra. Aurtengo literatur lehiaketara aurkeztutako lanek jaso dute herritarren taupada hori: gehigarrian ikusiko duzuenez, Rosi Lazkanok bertso-sorta oso bat egin dio banku moreari eta Aritz Pardinak ere, bere ipuin sarituan, biak aipatzen ditu: bai bankua eta bai liburuen etxola.

Luzaz segi dezala lehiaketak herriaren taupada jasotzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!