Elkarlanean sakontzeko Are taldea sortu dute Aiako, Getariako, Orioko eta Zarauzko ikastetxe publikoek

Onintza Lete Arrieta 2024ko urt. 12a, 17:00
Aurkezpenaren amaieran, talde argazkia atera dute logoaren aurrean bost ikastetxeetako irakasleek eta haurrek. (Onintza Lete Arrieta)

Zarauzko Lizardi institutuan elkartzen dira lau herri horietako ikasleak DBH edo Batxilergoa egiteko, eta koordinazioaren eta elkarlanaren onurak azpimarratu dituzte gaurko aurkezpen ekitaldian. Hezkuntzako hainbat ordezkariren babesa jaso dute agerraldian.

Are taldea aurkeztu dute gaur eguerdian Zarauzko Lizardi Institutuan eskualdeko lau herritako eskola publikoetako zuzendariek: Aiako Lardizabal, Getariako Iturzaeta, Orioko Zaragueta, eta Zarauzko Orokieta eta Lizardi Institutuko zuzendariek, hain zuzen. Ikastetxe horietako ikasleek Lizardin egiten dute DBH eta Batxilergoa –oriotarrek Batxilergoa bakarrik, DBH herrian bertan dutelako–, eta egitasmoaren helburua da ikastetxeen arteko elkarlanean eta koordinazioan sakontzea.

Aurkezpenean hezkuntza arloko hainbat eragile izan dira; besteak beste, Amaia Urzelai Hezkuntzako Gipuzkoako Lurralde ordezkaria, Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Hezkuntza zinegotzia, Arantxa Aldalur Zarauzko Udaleko Hezkuntza teknikaria, Heizeko lehendakari Josu Etxaburu, Berritzegune Nagusiko ordezkari Begoña Otxoa eta eskola horietako ikuskarien ordezkari Rafa Bergaretxe.

"Eskolen arteko benetako saretzea errealitate bihur dadin"

Nagore Etxabe Getariako Iturzaeta herri eskolako zuzendariak irakurri du taldeak prestatutako testua, eta aurrena gogorarazi du "ikasleen alde" egiten den "ikastetxeen arteko elkarlana eta koordinazioa" ez dela berria. "Urteak daramatzagu horretan, eta une honetan beste urrats bat eman nahi dugu Eskola Publikoa indartzen eta gure elkarlana sendotzen, ikaslearen ibilbidea areagotuz. Hortik sortu dugu Are".

Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Amaia Urzelai Hezkuntzako Gipuzkoako Lurralde ordezkaria (ezkerretik bigarrena) eta Zarauzko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Irune Urbieta (eskuinetik bigarrena) eta Arantxa Aldalur teknikaria (eskuinetik aurrenekoa).

"Helburu berak lortzeko lanean ari garenok indarrak batzeko unea da: elkarrekin are gehiago gara. Hezkuntzaz ari gara eta dagokion arduraz eta mimoz zaindu behar dugu etapa bakoitzerako egiten dugun hezkuntza eskaintza, baita hauen arteko trantsizioak ere. Eta erronka horri, elkarrekin erantzun hobea emango diogu, zalantzarik gabe", esan du. Hitzartzea amaitzeko, Hezkuntza Sailari eskatu dio lagun dezala antzeko ekimenak bultzatzen beste eskualdeetan: "Are kostaldean sortu da, eta guretzako harearen, hondarraren soinua ere bada. Baina hurbil du sare hitza ere. Balio beza hitz joko honek gainontzeko eskola publikoak ere topagune txiki zein handietan biltzera animatzeko. Hezkuntza Sailari eskatu nahi diogu Gipuzkoako kostaldean, bere txikitasunetik, sortutako talde iniziatiba honen modukoak bultzatu eta laguntzea, eskolen arteko benetako saretzea errealitate bihur dadin".

Hezkuntza arloko ordezkari batzuek ere hartu dute hitza. Urzelaik, esaterako, "beharrezko urratsa" zela esan du, eta "eredugarria" izan daitekeela. Hala, zoriondu egin ditu bost ikastetxeetako zuzendariak egindako lanagatik.

Otxoak ere zoriondu egin ditu bost ikastetxeak "badakigulako atzetik nolako lana duen honek", eta egitasmoa "eredugarria" dela azpimarratu du berak ere.

Etxaburu izan da hitza hartzen azkena, eta euskal eskola publikoaren aldeko hitzartze argia egin du: "Eskola publikoak eta Euskal Herriak eskola publiko sendoa behar du herri modura aurrera egin nahi badugu; derrigorrezkoa da. Horregatik, asko egin dugu, baina oraindik are gehiago egin behar dugu. Bide horretan, honelako egitasmoak, gozoak izateaz gain, beharrezkoak dira, asko daukagulako jokoan, eta asko egiteko. Eta egiteko modu bakarra dago, eta da hezkuntza komunitatean sinestea".

Ikasle batzuk, talde sortu berriaren logotipoari hostoak jartzen. (O.L.A.)

Logoa, sinbolikoa

Gaurko aurkezpenean taldearen ikurra edo logoa ere aurkeztu dute. "Gure ibilbideek bat egiten duten puntua Lizardi izanda, lizar bat marraztu dugu irudiaren erdian: Lurrak eta zeruak lotzen dituen zuhaitza da lizarra, izarretarako bidea. Jakoba Errekondoren hitzak dira, eta gure egiten ditugu", esan dute.

Zuhaitzari lau hosto jarri dizkiote, bakoitza kolore banatakoa: berdea Aiarentzat, marroia Getariarentzat, urdina Zarautzentzat, eta horia Oriorentzat. Ainhoa Zumeta Orioko Zaraguetako zuzendariak jarri dio umore puntua kontuari: "Udan lehian ibiltzen gara, baina orain elkartasuna ekartzen dute kolore hauek".

Aurkezpenaren amaieran, herri horietako ikasleek koloretako hostoak jarri dizkiote zuhaitzari, hura loratuz, neguaren erdian izan arren, eta ondoren, mokadutxoa jan dute denek ikastetxean bertan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!