Iñaki Olidenek irabazi du Olatzar Eraikuntzaken aurkako idi apustua

Ihintza Elustondo 2024ko urt. 14a, 09:18

Oriokoaren idiek 48 plaza osatu dituzte, eta 46 plaza, zinta bat eta 1,60 metro, berriz, Olatzar Eraikuntzaken idiek. Horrenbestez, Iñaki Olidenek eraman ditu jokoan izan diren 3.000 euroak.

Iñaki Olidenen eta Olatzar Eraikuntzaken idien arteko apustua izan zen atzo, larunbata, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Ipintza harria erabili zuten probarako, eta 3.000 euro izan ziren jokoan. Lezoko (Gipuzkoa) Iñaki Urrutia eta Ignazio Telleria aritu ziren Olatzar Eraikuntzaken izenean, eta Orioko Iñaki Oliden eta Galder Bolaño Iñaki Olidenen izenean. Oriokoaren idiek 48 plaza osatu zituzten, eta 46 plaza, zinta bat eta 1,60 metro, berriz, Olatzar Eraikuntzaken idiek. Horrenbestez, Iñaki Olidenentzat izan zen txapela.

Atzo, 09:00etan pisatu zituzten bi aldeen idiak. Idiek 1.140 kilo pisatu behar zuten, eta pisu horretatik aurrera, kiloko kilo eta erdiko gainkarga ezarri zieten animaliei. Olatzar Eraikuntzaken idiek 109,5 kiloko gainkarga eraman zuten, eta Iñaki Olidenen idiek 60 kilokoa. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatu zuen apustua, eta sekula aurrez plazaratu gabeak ziren animaliak.

(Argazkiak: Ibon Errazu eta Mireia Galarza Bastida)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!