Gradu erdi gutxiago izango du aurtengo txakolinak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 18a, 10:01

Getariako Txakolina jatorri izendapenak –Aiako eta Orioko lau upategi tartean– San Anton egunez aurkeztu zuen uzta berria atzo eguerdian, eta herritarrek dagoeneko eman dizkiote lehen tragoak zukuari. Aurreko urtean baino %20 gutxiago ekoitzi dute.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, atzo, San Anton egunez, aurkeztu zuten Getariako Txakolina jatorri izendapeneko azken uztaren emaitza Balentziaga Museoan. Ondoren, lehenengo botilak zabaldu zituzten herriko pilotalekuko karpan, eta zuku berriaren dastatzeko beta izan zuten bertaratuek.

Bada, Itziar Eizagirre sor-markako kontseiluburu izendatu berriak azaldu zuenez, iazkoa baino gradu erdi baxuagoa da aurtengoa: %11koa, zehazki. Horren zergatia ere zehaztu zuen: "Mahatsek eguzkiak jotzea behar dute graduazioa igotzeko eta 2023ko uda euritsua izan da". Horrez gain, uzta aurreko urtekoa baino %20 txikiagoa izan dela jakinarazi zuen Eizagirrek: 2,7 milioi litro orotara. Nolanahi ere, "oso pozik" agertu zen "kalitatezko produktua" ekoitzi dutelako, haren hitzetan, eta txakolinak eutsi dielako berezitasun nagusi dituen "garraztasunari eta txinpartari".

Harago joan zen Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Elikagaien Politiketarako sailburuordea; izan ere, nabarmendu zuen Getariako Txakolina "Euskadiren ikur nagusietako bat" bihurtzen ari dela nazioartean. Zentzu horretan, gaineratu zuen Japoniara egindako bisitan lehen eskutik ikusi dutela: "Japonia-Euskadi urtea izan zen 2023a eta hara joan ginenean jabetu ginen zer nolako sarrera duen txakolinak kanpoko merkatuetan. Gainera, Euskadiren nortasunarekin oso ongi lotzen den produktua denez, ate asko zabaltzen dizkigu munduan".

Gaur-gaurkoz, Aiako eta Orioko lau txakolindegi daude jatorri izendapenaren barruan.

June Yamaguchi Mahasti Andere

Txakolina Japonian zabaltzeko lanean, hain justu, Donostian bizi den June Yamaguchi japoniarrak izan du zeresan handia. Horregatik, hari eman diote aurtengo Mahasti Anderearen oroigarria. Euskal eta japoniar kultura ditu pasio Yamaguchik eta Getariako Txakolina nahiz euskal gastronomia zabaltzeko egiten duen lana aitortu nahi izan diote.

Yamaguchi, bere aldetik, oso eskertuta agertu zen atzo oroigarria eskuetan, harentzat "esanahi handia duelako". Hori horrela, hitz eman zuen are lan handiagoa egingo duela aurrerantzean "asotako aitortzaren mailan egoteko".

Japoniarrak "txakolinaren magia" ere goraipatu zuen: "Edari honek txinparta du. Besteengana irekitzeko eta une atseginak bizitzeko aukera ematen digu. Txakolinari esker, oso lagun harreman onak eraiki ditut eta esan dezaket hartaz maitemindu naizela. Gainera, nire lana txakolina Japonian sustatzea denetik, are handiagoa da sentipen hori edariarekiko ez ezik, baita lurralde honekiko ere".

Haurrak zirkuan trebatu dira

Helduak ez ziren gozatua hartu zuten bakarrak izan atzokoan, haurrak ere gustura aritu baitziren Sahatsaga kiroldegian. San Anton eguna Getarian jai izanik, ez zuten eskolara joan beharrik izan, baina ikasi, ikasi zuten. Bestelako eskolak jaso zituzten, ordea. Zirkukoak, hain zuzen; izan ere, Zirkun Zirko taldeak tailerra eskaini zuen

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!