Eskualdeko eraikin publikoen ingurumen jarduera zehazteko kanpaina abiatu du UKUEk

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 18a, 17:00
Paper hondakinak gutxitzea ere badu helburu kanpaina honek. (Utzitakoa)

Energia ikuskaritzak egingo dituzte udalerrietako hainbat eraikin publikoetan horien bitartez bakoitzaren iraunkortasun mailaren diagnostikoa zehaztu ahal izateko.

Kanpaina berri bat jarriko du abian Urola Kostako Udal Elkarteak urtarrilean ingurumenaren jasangarritasuna sustatzeko eta, bidez batez, eskualdeko eraikinak jasangarriak diren ala ez jakiteko. Helburua, batetik, administrazio publikoan erabiltzen den paper kopurua murriztea izango da. Aldi berean, instalazio publikoen funtzionamenduaren beste zenbai alderdi ebaluatuko dituela ere adierazi du UKUEk, "eraikin publikoen ingurumen jarduera zehazteko".

Udal elkartea osatzen duten bost udalerrietako (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) eraikin publiko batzuetan ingurumen-ikuskaritzak egingo dituztela azadu du UKUEk. Ebaluazio horietan, besteak beste, paperaren eta ontzien erabilera eraikin barruan sortzen den hondakin kopurua aztertuko dute. Erabiltzaileentzat prestatutako zaborrontziek gaikako bilketa ahalbidetzen duten ere aztertuko da, baita behar bezala identifikatuta dauden ere. Beste faktore batzuk ere ebaluatuko dituztela dio udal elkarteak, hala nola, uraren eta energiaren erabilera; ondorioz, udal elkarteko teknikariek luminariak, ekipo elektrikoak eta beste instalazio batzuk ikertuko dituzte haien eraginkortasuna zehazteko. Azkenik, eraikinetako langileen sentsibilizazio maila ere aztertuko dute.

Guztira, 11 eraikin ikuskatuko dituzte kanpainan zehar: "Bost udaletxeak, eskualdeko bost kultur etxeak eta Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza". Lortutako emaitzak bisitatutako eraikinen ingurumen-jarduera hobetzeko erabiliko direla azpimarratu du udal elkarteak.

Ingurumen-ikuskaritzez gain, udal elkarteak paperaren erabilera optimizatzeko jardunbide egokien eskuliburu bat prestatu du eskualdeko eraikin publiko guztietan banatuko dena. Honekin, UKUEren arabera, udal-baliabideen erabilera arduratsua eta eraginkorra zabaltzea bilatzen da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!