Saltokien digitalizazioaren eta iraunkortasunari buruzko ikastaroa antolatu du UKUEk

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 9a, 08:00
Otsaila eta martxoa bitartean emango da ikastaroa.

Ikastaroaren helburua da merkataritza eta zerbitzu sektoreetako profesionalak esparru horretan trebatzea eta horrela, beren establezimenduen lehiakortasuna hobetzen laguntzea.

Gipuzkoa Merkatarien Federazioarekin lankidetzan, merkataritza eta zerbitzu sektoreetako profesionalei zuzenduriko trebakuntza-formakuntza eskaintza diseinatu du Urola Kostako Udal Elkarteak UKUEk. Programa honek helburu nagusi bat izango du, merkataritza sektoreko profesionalak digitalizazio zein iraunkortasunaren alorretan trebatzea eta horrela, beren enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea, hain zuzen. Ikastaroak, gainera, %100ean diruz lagunduta daude.

Otsailaren 27an hasita, martxoaren 21a bitartean emango da trebakuntza programa hau eta zortzi saioz osatuko da. Otsailaren 27an eta 29an emango da baita martxoaren 5, 7, 14, 19 eta 21ean ere. Denak ere arratsaldez emango dira, 14:00etatik 16:00etara bitartean, UKUEk Zarautzen duen egoitzan. Jorge Malkorrak eta June Aymatek gidatuko dituzte saioak eta gaztelaniaz izango dira.

Antolatzaileen arabera, ikastaro honek “digitalizazioa du ardatz eta saltokien online eta off line esperientzien konbinazioa izango ditu oinarri. Hortik abiatuta, ikastaroaren helburua da parte-hartzaileei bi espazio horiek bezeroaren esperientzia hobetzeko baliatzen erakustea eta marka identitatea sare sozialetan zein saltokietan islatzeko edota bezeroaren leialtasuna lortzeko gakoak eskaintzea, horretarako komunikazio digitalaz baliatuta, besteak beste”. 

Ikastaroan parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da. Interesdunek enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi, edo 943-89 08 08 telefonora deitu beharko dute.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!