Juanita Agirre: "Dendan sartu diren ume guztiak sentitu ditut nireak"

Mireia Galarza 2024ko ots. 18a, 13:01
Juanita Agirre Olatu gozoki dendan, jubilatu aurretik. (Mireia Galarza)

Duela 19 urte ireki zuen Juanita Agirrek Olatu gozoki denda, koinatarekin batera. Urtarrilaren 31n utzi zion berak zeregin horri, eta "pena" ematen badio ere, denbora librea eduki eta bizitza disfrutatzeko gogoa duela azaldu du. Karkarak jubilatu baino egun batzuk lehenago egin zion elkarrizketa Agirreri aldizkarirako eta orain irakurgai dago sarean.

Ia 20 asko dira. Zer dela eta erabaki zenuten gozoki denda bat irekitzea?

Egia esateko, hainbat negozio aukera jarri genituen mahai gainean denda ireki aurretik, horien artean, erloju denda bat. Horrek, ordea, inbertsio handiagoa eskatzen zuen eta horregatik, alde batera utzi genuen ideia hori. Niri betidanik gustatu izan zaizkit umeak, eta gozoki denda bat aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen. Orduan bat bakarra zegoen herrian. 

Urte hauetan guztietan asko aldatu al da gozogintza?

Bai, egia esateko. Orain, adibidez, glutenik gabeko gozoki asko ekartzen ditugu, lehen baino intolerantzia gehiago dituelako jendeak. Gomazko goxoki batzuk beganoak ere badira, eta horiek ere eskatzen ditu jendeak, nahiz eta guk ez ditugun saltzen. Dena den, urteen poderioz berdin-berdin saltzen diren beste litxarkeri batzuk ere badaude. 

Zeintzuk, adibidez?

Aspitosak, adibidez, izugarri saldu izan dira beti, belaunaldiz belaunaldi dendan jarraitzen duen produktu bat da. Erregaliz gorria ere beti egon da gure dendan. 

Oriotarrak gozozaleak dira, beraz.

Bai, beste herritakoak bezala. Umeak dira gure bezero nagusiak, nahiz eta helduak ere etortzen diren umeen aitzakian. Haiei ere gustatzen zaizkie karameloak, patata zorroak, gomazko gozokiak...

Eta zu?

Noizean behin hartzen dut zerbait gosea baldin badut, baina aitortu behar dut gozokiak baino nahiago ditudala beste janari batzuk. Azken finean, hemen sartuta nago ia beti, eta aspertu ere egiten da bat beti gauza bera jaten. 

Beste jaki batzuk bezala hemen ere garestitu al da salgaia?

Bai, bai, dezente gainera. Helduentzat agian ez da horrenbeste, baina txikienentzat bai. Eta noski, guk ere irabaziak atera nahi baditugu igo egin behar dugu prezioa, bestela galtzen ateratzen gara. Hala eta guztiz ere, larritasuna sartzen zaigu gauzak garestitzea tokatzen zaigunean. 

Lan gogorra al da gozoki dendakoa?

Badaude beste lanpostu batzuk gogorragoak direnak. Hemen, azken finean, kontuan hartu behar da asteburutan saltzen dela gehien, umeek orduantxe izaten dutelako jai. Gure kasuan, urtean hiru aldiz itxi izan dugu: Eguberri egunean, Urte zahar egunean eta Errege egunean. Udan, oriotarrak kanpora joaten diren arren, turistak ere izaten ditugu, eta horiekin egiten dugu lan gehiago. Nik, ordea, asko gozatu ditut hogei urteak, ia arazorik ez dut izan inorekin, eta horrekin geratzen naiz. 

Herritar asko hazten ikusiko zenituen zuk.

Halaxe da bai. Orain askok umeak ere badituzte, eta bat baino gehiago etorri izan zait esatera bera ere ederki gogoratzen dela gozokiak nola erosten zituen gure dendan. Umezalea naiz, eta bi seme ditudan arren, atetik sartu orduko ume guztiak nireak direla sentitu izan ditut. Adibidez, saiatzen naiz txanpon txikiak badituzte lehenik horiek gastatzeko esaten edo gozo gehiegi jaten ari badira abisatzen diet gero tripako mina izan dezaketela.

Bakarrik aritzen al zara?

Hasieran koinata eta biok aritzen ginen, baina orain dela bost urte erretiroa hartu zuen berak. Orduan, pare bat hilabete igaro nituen bakarrik, eta egia esan oso gogorra egin zitzaidan. Hemen behar dira gutxienez bi esku. Gerora neska bat hasi zen lanean, eta orain berarekin txandaka egiten dut lan. Ondo moldatzen gara horrela. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!