Etorkizunerako landatu: korridore ekologikoak eraikiz

Mailo Oiarzabal - 'Gipuzkoako Hitza' 2024ko ots. 24a, 12:00
Joan den asteburuan egindako zuhaitz landaketa. (Utzitakoa)

Hernio-Gazume, Pagoeta eta Izarraitz arteko korridore ekologikoa eratzearen garrantziaz eta horretarako egiten ari den urratsez jardun dira Urola Bizirikeko kideak Mailo Oiarzabal kazetariarekin. Gipuzkoako Hitza-rako ondutako erreportajea da honakoa. 

"Gaurko erabakien ondorioak ondorengo belaunaldiek biziko dituzte". Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten elkarteak 2021eko abenduan plazaratutako txostenean irakur daitezkeen esaldietako bat da. Hernio-Gazume, Pagoeta eta Izarraitz lotzeko korridore ekologikoa eratzeko proposamenaren ingurukoa da txostena, hain zuzen. Izan ere, etorriko direnei inguru bizigarriagoa uzteko eta, hein batean bederen, galdutako natur altxorrak berreskuratzeko, hitzetatik ekintzetara igaro dira Gipuzkoan natur taldeak, Lurgaia fundazioaren eskutik.

Natura 2000 sare ekologikoaren barruan kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatuta daude aipatutako hiru naturaguneak. Hernio-Gazumek Tolosaldea eta Izarraitzek Debabarrena ukitzen badituzte ere, Urola Kosta eskualdean kokatzen dira nagusiki hiruren lurrak. Eusko Jaurlaritzak 2005ean proposatu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Korridore Ekologikoen Sarea sortzea, habitat naturalen zatikatzeak basabizitzaren populazioetan eta bioaniztasunaren galeran duen eraginari aurre egiteko. Proiektu horren barruan aurreikusitako natura igarobideetako bat da Hernio-Gazume, Pagoeta eta Izarraitz bitartekoa.

"Guretzat garrantzitsuenak, berez, bertako basoak dira, baso zaharrak, baina korridorearen barruan sartzen den natura bizi guztia hartu behar da kontuan, bioaniztasuna. Animaliak, hegaztiak, landaredia, polinizazioa… Horiek hedatuz joateko ingurua kontserbatzea eta indartzea da korridoreen funtsa", esan du Naturkomeko kide den Urola Bizirik taldeko Iñaki Eizagirrek, igarobide edo korridore ekologikoen gakoak eta helburuak laburtzean.

"Bioaniztasuna hedatuz joateko ingurua kontserbatzea eta indartzea da korridore ekologikoen funtsa"

Hala ere, Natura 2000 eta korridore ekologikoen proiektua paperean jasota gelditu dira orain arte, "tiraderan gordeta", Urola Bizirik taldearen hitzetan. "Foru aldundiei dagokie Jaurlaritzak egindako lanketari forma eman eta proiektuak gauzatzeko baliabideak jartzea, eta ez dute egin hori", azaldu du Aitor Aldalurrek. Gauzak horrela, gizarte eragileen bultzadari eta tokiko erakundeen borondateari esker hasi dira pausoak ematen udalak eta herritarrak. Urola Bizirik-eko kideak beren inguruko udalekin hitz egiten hasita daude, eta harremanak sustatzen jarraitzeko asmoa dute natur taldekoek, "pixkanaka" korridore ekologikoa osatuz joateko.

Duela bi urte pasatxo aurkeztutako txostenean, bi eskaera nagusi egin zizkien Naturkomek udalei: natur kontserbazioaren ikuspegitik "estrategikoak diren lurrak»" erostea, batetik, eta udalek beren jabetzako lurrak "natur kontserbazioaren mesedetan" kudeatzea, bestetik. Izan ere, Hernio-Gazumen 2.160 hektareako eremuaren %3,8 besterik ez da publikoa; bestelakoa da egoera Pagoetan, 1.365 hektareatik %80 baitira jabetza publikokoak; eta Izarraitzen, berriz, 1.593 hektareako eremuaren %7 besterik ez dago esku publikoetan.

Zaintzan hartutako lur publikoetan eta jabe pribatuek utzitakoetan, Urola Bizirik taldea eta norbanakoak —"boluntarioak" guztiak— bertako espezieak landatzen edota berez hazten diren basoak bermatzeko lanean ari dira. Landaketak egiteko sasoi betean, Hernio-Gazumeko, Pagoetako eta Izarraitzeko korridorearen barruan eta beste eremu batzuetan landaketak egin dituzte otsailean zehar, eta martxoaren 3rako beste saio bat aurreikusi dute Azkoitiko Munoaundin: bertako hazien eta landareen mintegia du han Urola Bizirikek, eta mintegiko aleak landatuko dituzte inguruan.

Deskonexioari aurre egiteko, pedagogia

Hernio eta Pagoeta artean gorostiak, Errezilgo Galarraga Saletxe baserriko lurretan haritzak, gaztainondoak, sagarminak, erramua, gereziondoak, hurritzak, lizarrak eta beste hainbat espezie… Eremuaren baldintzak eta garai bateko basoen ezaugarriak kontuan hartzen dituzte landaketetan. Landaketaren zailtasunaren arabera, herritarrei deialdia luzatzen diete. "Lanketa pedagogikoa" egiteko ere baliatu nahi dute Urola Kostako Hernio-Gazume, Pagoeta eta Izarraitz lotuko dituen korridore ekologikoaren proiektua garatzen ari diren eragileek. Urola Bizirik-eko kideen ustez, naturarekiko eta hari lotutako jakintzarekiko "deskonexio handia" dago gizartean, eta "herritarrak naturara hurbiltzeko" egitasmo gisara antolatzen dituzte sarri landaketak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!