Hondakinen mahaia berraktibatu du UKUEk

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 26a, 12:30
Zabor edukiontziak. (Jabi Gonzalez Toston)

Zaborraren gaia "oinarri-oinarritik" lantzeko asmo dute sorrera sistema hobetzeko eta eraginkorragoa egiteko. Datorren urtean esleituko dute zerbitzuaren kudeaketarako hurrengo kontratua eta egungoaren alde onak, txarrak eta eskaintzen dituen aukerak aztertu nahi dituzte.

UKUE Urola Kostako Udalen Elkarteak berriro bildu zuen hondakinen mahaia joan den otsailaren 6an eskualdeko zaborra kudeatzeko. Azaldu duenez, asmoa da eskualdeko zabor bilketa zerbitzuaz hausnartzeaz gain, hondakinen gaia oinarri-oinarritik lantzea. Zentzu horretan, Ion Arozena UKUEko lehendakariak adierazi du helburua dela "hondakinen sorrera gutxiagotzea, berrerabilpena sustatzea eta ondoren hondakin horien sailkapen egokia egitea"; izan ere, "zabor bilketaren kudeaketan aurrerapenak egiteko bideak aztertu eta landuko diren arren, etorkizuna gutxiago sortzetik hasten da", haren hitzetan.

Arozenak gogoratu du, halaber, hondakinen mahaia 2022ko azaroaren 15etik ez dela bildu eta UKUEko kideekin batera herri bakoitzeko hainbat ordezkarik, herritarrek, eragilek zein enpresek osatuko dutela. Horren harira, dio herritarren laguntza "ezinbestekoa" dela "bakoitzak egiten duen esfortzuarekin orain artekoa hobetzeko aukera izango delako". Hain justu, mahaiak lan egingo du "zaborraren kudeaketa sistema herritarrentzat eta enpresentzako hobetzeko eta eraginkorragoa bihurtzeko"; horregatik, herritarren "ideiak nahiz kexak entzuteko prest" agertu da UKUEko lehendakaria.

Hari beretik, jakinarazi du eskualde osoko zaborren kudeaketarako kontratua 2025erako esleitu behar dutela. Ondorioz, "aurtengo urtea erabili nahi dugu zerbitzuak dituen alde onak, txarrak eta eskaintzen dituen aukerak mahai gainean jartzeko". Arozenaren ustetan, "egun dugun bilketa sistemak aukera gehiago ematen ditu. Sakontzen jarraitzeko aukera dugu, ezin gara konformatu gaur gaurkoz dugun sailkapen mailarekin".

Era berean, nabarmendu du "oraindik lan dezente" dagoela egiteko Eusko Jaurlaritzaren 2030 hondakinen planak ezartzen dituen helburuak betetzeko; izan ere, zehaztu duenez, "2025erako %75eko sailkapen maila lortu beharko litzateke; eta 2030erako, berriz %85ekoa".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!